Pixarren “Inside Out” filma iritsi bitartean hau izango da aste honetako pelikula. “Minions” (Los Minions) denek ikusi dezaketen animaziozko pelikula da. Duela bost urte kaleratu zen “Gru – Mi villano favorito” pelikulako pertsonai maitagarrienek azkenean euren pelikula lortu dute. Minionak lurra sortu zenetik zelula bakarreko organismoak dira. Beti gaiztoen zerbitzura. Egun minionak desagertzeko zorian daude. Horregatik Kevin, Stuart eta Bob minionek bidaia egingo dute Antartidatik 1970eko New Yorkera eta handik Londresera. Helburua: Scarlet Overkill emakume ankerraren zerbitzura jartzea. Honek senarrarekin batera mundua hartu nahi du.
Isabel Coixetek bost astez eskarmentu handiko Ben Kingsley eta Patricia Clarkson aktoreak filmatu ditu eta “Learning to drive“ (Aprendiendo a conducir) komedia erromantikoa sortu. Clarkson New Yorkeko idazle bat da. Bere bikote harremana hondoratzen hasten denean gidatzeko eskolak hartuko ditu. Kingsley autoeskolako maisu shij-ak ere arazoak ditu bere ezkontzan. Azken urteetan zine aretoak betetzen dituzte emakumeentzako istorioa dirudi.
Iaz Veneziako zinemaldian erakutsi zuten eta aurten Donostiako Giza Eskubideen zinemaldian dastatzeko aukera izan genuen. Armeniar genozidioa aitzaki, aita batek bi alaben bila egiten duen bidaia kontatuko digu Fatih Akinek “The Cut“ (El Padre) filmean. Jatorri turkiarra duen zuzendari alemanak Tahar Rahim izar frantsesa zuzendu du. 1915ean Otomandar inperioa jausten ari den bitartean, bertan dauden armeniarrak hil edo kanporatzen dituzte. Rahimek gorpuzten duen pertsonaia atxilotuko dute eta afusilatu. Baina ahotsa eta fedea galduko ditu, ez bizitza. Alaba bikiak bizirik izan daitezkela jakiten duenean bidaian abiatuko da Siria, Kuba eta Estatu Batuetatik euren bila. Ez da Fatih Akinek ohituta gaituen pelikula mota. Publiko zabalago bat erakartzeko egina edo dago.
Eta aurrekoan aita batek bi alaben bila egindako bidaia irudikatzen bada, honetan bi semeen aitaren bila egindakoa. Greziaren krisiaren erdian, Grezian ekoiztutako “Xenia“ (Una Cuestion de Actitud) filma datorkigu. Frantzia eta Belgikaren laguntzaz egindako ekoizpen hau iaz Canneseko zinemaldian “Un Certain Regard” sailean estreinatu zen. Gero Xixoneko zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen. Panos H. Koutras zuzendariaren laugarren film luzea da baina Espainian areto komertzialetan ikusten den lehena. “Greziar odisea” du azpititulua eta horrela bi anaien bidai bat da filma. Ama albaniarra hiltzen zaie 16 urteko Danny eta 18 urteko Odiseori. Atenasetik Telasonikira joan beharko dute aita greziarrak semetzat aitor ditzan. Horrela nazionalitatea lortuko dute.
Duela gutxi zoritxarreko polizia daniar batek eta bere laguntzaile siriarrak konpondu gabeko bahiketa nola konpontzen zuten ikusi genuen gure pantailetan. Hori 2013an filmatu zen “Misericordia: los casos del Departamento Q” zen. Thriller arrakastatsua izan zen. Eta horrela bigarren partea, 2014an errodatutako “Profanación: Los casos del Departamento V“, ikusgai dugu ostiral honetatik. Mikkel Norgaard zuzendariak berriro jarriko ditu dantzan Carl Morck eta Assad poliziak. Orain oso poteretsu diren kriminalen atzetik arituko dira.
Eta film kuriosoa “Lo que hacemos en las sombras“. Zelanda Berritik datorkigu dokumental faltsua. Jemaine Clement eta Taika David Waititi bikote komikoak zuzendu dute Viago, Deacon eta Vladislaven istoria. Hiruak pisukide dira, baina ez ikasleak, banpiroak baizik. Filmak hiruak bizitza modernora – errenta pagatu, dantzatokietan sartu eta horrelakoetara nola moldatuko diren agertuko digu. Zuzendari biak Zelanda Berrian aktore ezagunak dira. Clement gainera hainbat Hollywoodeko filmen (Rio 2, esaterako) abeslaria da. Clementek zuzentzen duen lehen filma da. Waititik ordea 12 film luze eta labur ditu eta bere labur bat Oscar sarietarako izendatu zuten.
Please comment with your real name using good manners.