Osasuntsu dabilen zikloa da. Neguan Donostiako SADE enpresak egindako apustua izan zen. Baina klasikoek bere publikoa dutela argi geratu da eta udan, karteldegiak izaten duen eskasia pittin bat arinduz, klasikoak programatzen jarraituko dute. Gehienetan bezala Europar zintaren bat edo beste, baina batez ere Hollywoodeko klasiko ezagunak ikusteko aukera izango ditugu.
Luis Buñuel Calandan, Zaragozan, jaio zen baina Frankok Errepublika suntsitu zuenean, erbesteratu zen. Mexikon eta Frantzian egin zuen lan handiena. Frantziar garaikoa da asteartean Principe zine-aretoetan emango duten “Belle de Jour” filma. Catherine Deneuve, Sévérine da, mediku batekin ezkondutako gaztea. Aspertuta edo eguneko prostituta egingo da. Michel Piccoli, Jean Sorel eta Franciso Rabal daude besteak beste 1967an Veneziako Zinemaldiko sari nagusia jaso zuen pelikula honetan. Urrezko Lehoia irabazi izanak arrakasta ekarri zion eta horri esker, ekoizleak askatasun gehiago eman zion etorkizunean.
Bi aste barru, uztailaren 21ean, B serieko aurrekontuarekin egindako Western generoko pelikula onenetakoa: “Johnny Guitar“ (1954). Nicholas Ray maisuak Joan Crawford zuzendu zuen takilan arrakasta izan zuen film honetan. Crawford hemen Vienna da, ganadu hiri batean, joko aretoa duen emakume indartsua. Bera trenbidea hirira iristearen alde dago, herrikoak ez. Maitasun istoria zahar batean arerioa izandakoa du aurrean. Azken orduan agertutako Johnny “Guitar” Logan misteriotsua izango du lagun. Antzeztaldean Ernest Borgnine eta John Carradine generoan ezagunak izan ziren aktoreak daude.
Eta abuztua hasteko, izua. Bette Davis, Olivia de Havilland eta Josehp Cotten buru duen “Hush, Hush, Sweet Charlote“ (Canción de cuna para un cadáver) pelikula emango dute abuztuaren 4ean. 1964ean Robert Aldrichek zuzendu zuen Estatu Batuetako hegoaldean girotutako pelikula hau. Urte luzez maite duen gizona hilko diote Charlotte Hollisi (Bette Davis) eta samina ezin du gainditu. Gainera autobide bat egiteko etxea kendu behar diote. Horri aurre egiteko Miriam lehengusinari (Olivia de Havilland) eta Drew doktoreari (Joseph Cotten) eskatuko die laguntza. Oscar sarietarako zazpi izendapen jaso zituen eta Urrezko Globoa jaso zuen Agnes Mooreheadek antzeztaldeko emakumezko aktore oneari.
1963an Luchino Visconti maisuak Giuseppe Tomasi di Lampedusa idazle handiaren “Il Gattopardo“ eleberrian oinarritua izen bereko filma burutu zuen. Izugarri ederra, Canneseko Zinemaldiaren sari nagusia, Urrezko Palmondoa jaso zuen eta bere jantziteria Oscar sarietarako izendatu zuten. Egun 1970eneko europar zinemaren lan nagusienetakoa dugu. Viscontik besteak beste Burt Lancaster, Claudia Cardinale eta Alain Delon zuzendu zituen nazio baten sorrera eta klase baten gainbehera erretatzen duen filmean. Pelikula Italiaren batasun garaian girotuta dago. Garibaldiren tropek Sizilia hartzen dute eta Salina Printzipea (Burt Lancaster) baserria joango da familiarekin babes hartzera. Tartean gehien maite duen iloba (Alain Delon) eta honen neskalaguna (Claudia Cardinale) daude. Nino Rottaren musika zoragarria du abuztuaren 18an emango duten “Il Gatopardo” filmak. Telebistan behin baino gehiagotan eman dute baina pantaila handian ikusi beharrekoa da.
Zine beltzaren lehen lana jotzen denak zabalduko ditu iraileko emanaldiak. 1941ean John Houstonek “The Maltese Falcon” zuzendu zuen Dashiell Hammetten eleberria hartuta. Humphrey Bogart Sam Spade detektiboa da. Emakume gazte batek kontratatuko du aizpa bilatzeko. Tartean XVI. mendean Maltako Ordenaren Zaldunak Carlos enperadoreari oparitutako iruditxo bat agertuko da: harribitxiz estalitako urrezko belatz bat dago. Piratek lapurtutako bitxia. Hiru Oscar izendapen lortu zituen besteak beste antzeztaldean Bogarten lankide ohia, Peter Lorre, duen filmak.
Iraileko bigarren pelikula, “Day The Earth Stood Still“ (Ultimatún a la Tierra), zientzia fizkiozko klasiko bat izango da. Robert Wisek Harry Batesen ipuin bat pantailaratu zuen. Ontzi estralurtar bat Washingtonen lurreratzen da. Gizaki itxura duen Klaatu aterako da gizateriarentzat mezu garrantzitsu batekin. Baina munduko buruek ez diote garrantzia ematen. Orduan Klaatuk gizakien artean bizitzen geratzea erabakiko du. Mundua Gerra Hotzaren erdian zegoenean errodatu zen filma. Berreskuratu behar den klasikoa.
Please comment with your real name using good manners.