AZKUNA ZENTROAn, lehen Bilboko Alondegia bezala ezagutzen zen zentroan, Zinematekak maisu handiei zikloa eskeintzen die bi edo hiru hilabetero. Horrela Hirokazu Kore-Eda, Roberto Rossellini, Robert Aldich edota Orson Wellsen filmografia errepasatu dute. Aste honetan hasi eta uztaila bitartean gertuago duten maisu bat gogoratuko dute: Karrantzan jaio baina Donostian koskortu zen Victor Ericeren pelikulak emango dira.

“El Espíritu de la Colmena“ eta “El Sol del Membrillo“ filmeen zuzendariak berak idatzi du zikloa aurkezteko izaten den hitzaurrea. Bertan Ericek gogoratzen digu berrogei urtetik gorako aldia hartzen dutela eman behar diren pelikulak. “Aldi horretan, aldaketa nabarmenak izan dira zineman eta munduan. Ez dakit lan hauek zenbateraino emango duten aldaketa horien berri“, dio. Eta gogoratzen digu isilune luzeen ondoren egindako film gutxi batzuk direla, “egunerokotasuna islatu beharrean iraganari begira jarri direla normalean“. Baina Ericek aitortzen duenez, horrek ez dio ardura, “nik zinema ulertzen dudan ikuspegitik film guztiak izan baitaitezke filmatu ziren garaiko dokumentu, fikzioa eduki arren; hau da, film guztiak har daitezke argitara eman ziren giro sozialaren ondoriotzat, besteak beste giro hartako mugen eta oinarrizko baldintzen ondoriotzat“.
Aste honetan zuzendu dituen hiru film luzeetatik esanguratsuenak emango dituzte. Astezken eta ostegunean 1973an filmatu zuen “El Espíritu de la Colmena“ eta 20 urte beranduago errodatu zuen “El Sur“. Lehenak, Donostian Urrezko Maskorra irabazi zuen filmak, frankismoan kokatutako istoria bat kontatzen digu. Bi aizpak Frankeisten mitoarekin zirraratuta geratu ondoren bizitakoa. Ana Torrent umea ezagutzeko aukera eman zuen filmak. Canneseko zinemaldian estreinatu zen “El Sur” filman ere berriz heldu zion frankismoaren mamuari. Biak 18:00tan eta 20:00tan emango dira, txandaka.
Ekainaren 24ean, bi dokumental kontrajarriko dira. Ericek berak Antonio López margolariari buruz egindako “El Sol del Membrillo“ eta Alain Bergalak zuzendariari buruz egindako “Victor Erice: Paris-Madrid Alentours“ dokumentala. Hurrengo egunean Ericeren hainbat film labur eskeiniko dira. Egun horretan Victor Erice bera entzuteko aukera izango dute Azkuna Zentroan. Santos Zunzunegi irakaslearekin arituko bait da.
Uztailaren lehen bi egunetan Ericeren ekoizpen berriena ikusteko aukera izango dugu. Batetik 2005ean Abbas Kiorastami zuzendari irandarrarekin elkartrukatu zituen gutun filmikoak, “Erice-Kiarostami: Correspondencias“ izenburupean biltzen direnak eta Guimaraes Europako hiri kulturala zela ospatzeko enkarguz 2012an egindako film kolektiboa “Centro Histórico“. Lan horretan Aki Kaurismäki finlandiarrarekin eta Pedro Costa eta Manoel de Oliveira portugesekin aritu zen Erice. Europako ehungintza enpresa handienaren langile ohiei egin zien elkarrizketa “Vidrios Rotos“ berak zuzendutako zatian.

Eta zikloa bukatzeko, uztailaren bigarren astean, Ericen iturriak edo. Zinearen inguruan Victor Ericek berak idatzi, ekoiztu eta zuzendutako seriea da “Memoria y Sueño“. Bertako bi kapitulu emango dira: Roberto Rosselliniren ‘Roma, città aperta’ (1945) eta André Malrauxen ‘Sierra de Teruel’ (1939) filmak aztertzen dituztenak. Horrekin batera Alberto Moraisek Erice, Theo Angelopoulos eta beste batzuk aztertuz egindako filma, “Un Lugar en el Cine“ eta Ericeren film laburrak emango dira. Egitarau osoa honeko estekan: http://www.azkunazentroa.com/az/eusk/hasiera/artea-eta-kultura/zinemateka-victor-erice-denboran-zehar/al_evento_fa
Please comment with your real name using good manners.