Duela zortzi urte Parisen bizi ziren zinezale iberiar batzuek Different! L’Autre Cinema Espagnol zinemaldia sortu zuten. Helburua: Espainiako autore zinema Frantzian ezaguna egitea. Hau da Frantzian banaketa ez, baina nazioartean saria edo arraskata lortu duten dozena bat film aurkeztu nahi zuten. Horien artean euskal pelikula hainbat ikusteko aukera izan dute Frantziako hiriburuan. Aurten ere, asteazkenean hasi eta datorren astearte arte martxan izango den 8. edizioan azken euskal ekoizpena erakutsiko da.
Hainbat zinemaldietan ibili ondoren eta Euskal Herrian arrakasta izan ondoren, “Loreak“ filma aurkeztuko dute Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariek Parisen hilaren 22an. Garaño eta Goenaga jada ezagunak dira zinemaldi honetan. “80 egunean” erakusteko aukera izan baitzuten 2012an. Eurekin batera bi film horietako protagonistetako bat, Josean Bengoetxea, izango da Parisen. Bengoetxeak lan bikoitza izango du. Borja Cobeagaren “Negociador“ filma zinemaldiaren azken egunean, asteartean, emango dute. Ondorioz Bengoetxeak zuzendari donostiarrarekin eta Ramon Barearekin aurkeztuko du filma.
Cobeagak idatzitako “8 Apellidos Vascos” filma ere ikusgai izango da zinemaldi honetan. Ostegun honetan emango dute andaluziar eta euskal topikoei errepaso egiten dien filma. Elías Querejeta zinegile hernaniarraren alabak, Gracia Querejetak, zinemaldia itxiko du. Berak zuzendutako azkena, “Felices 140“, datorren asteartean emango dute. Donostiako zinemaldian Urrezko Maskorrak jaso zuen “Magical Girl“ filma ere Pariseko zinemaldi berezi honetan izango da. Honi esker José Sacristán aktorea omenduko dute. Geraldine Chaplinek jasoko du beste omenaldia.
Donostiako zinemaldian izan ziren beste film batzuk ikusiko dira. Horrela Paco Leónen “Carmina y Amén“ filmak zinemaldia zabalduko du. Curro Sanchezi dokumental onenaren Goya eskuratu zion “Paco Lucía, la busqueda“ filma, edota Zuzendari Berriak sailean aritu zen Hermes Paracuelloren “No todo es vigilia“ izango dira. Esperimentalagoak diren Lluis Miñarroren “Stella Cadente“ filmak eta zinemaldi askotan arrakasta izan duen Gabriel Velazquezen “Ártico“k ere lekua izango dute.
Please comment with your real name using good manners.