KRISTINA ZORITA ARRATIBEL. Cannesetik
Cannes zinemaldi frantziarra izaki, garrantzitsua izaten da frantziar kuota. Emakume frantziar batek zuzendutako film bat izan genuen Sail Ofiziala zabaltzen lehiaketaz kanpo. Lehian berriz, bi emakume frantziarrek eta bi gizon frantziarrek zuzendatuko filmak daude. Eta gaur gizonek sinatutakoetatik, paperean, interes gutxiena zuena eman dute: “La Loi du Marché“. Azken urteetan kolaboratzaile nagusia duen Vincent Lindon aktorea zuzendu du beste behin Stéphane Brizék. Bi urte langabe egon den 51 urteko gizonarena egiten du Lindonek. Lana eskeiniko diote supermerkatu batean, zaindari. Baina orduan dilema morala sortuko zaio: bere lankideak espiatu behar ditu.
Esan bezala paperean flojoena zen. Baina ezuste handia izan da. Brizék benetako supermerkatuko langileak erabili ditu aktoreen ordez, espiatutako langilearenak egiteko. Horrek “cinema verité” itxura interesgarria ematen dio pelikulari. Aitortu behar dizuet Lindon ez dudala gehienetan maite. Gorrotagarri ere egiten zait. Baina kapitalismoaren eta egungo krisiaren aurpegi zitalena aurkezten digun pelikula honetan oso ondo dago, bere papera oso sinesgarri egiten duela.
Brizé ustekabea, onerako eman badigu, desengainua sortu digu Joachim Trier eskandinabiarrak. Duela lau urte Canneseko kritikoak txunditu zituen bere bigarren filmarekin. “Oslo, August 31st” pelikulak harrera ona izan zuen “Un Certain Regard” sailean. Orain Estatu Batuera joan da, ingelesez bere hurrengo filma errodatzera. Eta sortutako “Lourder than bombs“ filmari esker Sail Ofizialean lehiatzen ari da.
Antzeztalde sendoa batu du Trierrek. Depresio baten erdian dagoen gerra argazkilariena egiten du Isabelle Huppert aktore frantsesak. Auto istripu batean hilko da. Urte batzuk beranduago ikusiko dugu istripu horri nola egin dioten aurre Gabriel Byrnek gorpuzten duen alargunak eta Jesse Eisenberg eta Devin Druid semeek. Lasto horiekin otarra osatzen ez du jakin baina. Galduta dabil, aspergarri bilakatuz eta jadanik hau beste pelikula askotan ikusi dugularen sentimendua sortu digu pelikulak. Pena benetan.
Bihar, azken urteetan ohiartzun handia duen kanadiarra, Denis Villeneuve eta lehian dagoen bigarren emakume frantziarra, Valérie Donzelli sendoa.
Please comment with your real name using good manners.