KRISTINA ZORITA Cannes
Jake Gillehaalek irripar egin dit. Hori izan ziteken igandeko kronikaren izenburua. Barkatu. Gaur maitasuna izan dugu Canneseko Sail Ofizialean gai nagusi eta melenga jarri naiz. Eta hori lehian zeuden bi filmeetako istorioak, maitasun istorioak ziren, baina ez melengak. Jakena egia da, baina. Goizean, filma hasi eta bost minutu falta zirenean, egunero Festibalen jauregira sartzeko dugun kontrala pasa, eta aurrera egin behar nuenean geldirazi naute. “La delegation passe“ (delegazioa pasa behar da) esan didate. Hamar bat polizia ikusi eta ondoren, lehena. Guillermo del Toro zuzendaria eta epaimahaia. Ondoren Ethan Coen, epaimahaiaren burua, Frances McDermont aktore eta emaztearekin. Rossy de Palma mintzatzen ari zenRokia Traore Maliko musikagilearekin. Eta azkena, bizkarzainez ingurututa, Jake Gillehaal. Kapela buruan, nire aurretik pasa denean irriparre egin dit. Edo hori uste izan du.
Epaimahaiarekin topo egin dut guztiak Sail Nagusian lehian zegoen eguneko lehena ikustera joan garenean. Maitasun suntsitzaile bat dakarkigu “Mon roi“ filmak. Ski istripu batean zauritutako emakume bat Capbretoneko berreskuratze erietxe batera bidaliko dute belauna sendatzera. Bertan gizonarekin izan duen 10 urteko maitasun istorioa errepasatuko du. Emakumea abokatua, gizona jatetxeko jabea, diskoteka batean topo egingo dute. Gizona zoragarria zirudien. Baina harremana aurrera egin ahala gizon perfektuaren irudia pitzatuko da, eraso psikologikoraino iritsiko da. Bikote horren paperean zoragarri daude Vincent Cassel eta Emmanuelle Bercot (hain zuen zinemaldia inauguratu zuen “La Tete Haute” filmaren zuzendaria).

Igande goizean lehian sartu den film hau Maiween aktoreak zuzentzen duen laugarren luzea da. Duela hiru urte, Bercotekin batera idatzi zuen “Polisse” filmak, Maiweenen aurreko zuzendaritza lanak, Canneseko epaimahaiaren saria jaso zuen. “Mon Roi” honek argi utzi du kontutan hartzekoa dela Maiween errealizadore modura. Asko gustatu zait. Sendoa. Argi kontatzen diguna zein kutsakorrak izan daitezken erlazio batzuk. Agian baina norbaiti entzun diodan modura, emakumeei gizoneei baino gehiago gustatzen zaien horietakoa izan daiteke “Mon Roi”.

Korapilotsua behintzat 1950eneko hamarkadan izan zitekeen beste maitasun istorioa izan dugu bigarrena lehian. Cannesen saria lortutako Todd Haynes estatubatuarrak hamarkada hori maite du. Urte horietan girotu zuen “Far from Heaven”, Julianne Moorek jokatu zuen emakume burgesak lorazain beltzarekin duen erlazio debekatua kontatzeko. Eta berriz 1950etako Estatu Batuak erretratzen ditu bi emakumeen arteko amodioa kontatzeko lehian aurkeztu duen “Carol“ pelikulan. Patricia Highsmithek ezizenarekin publikatu zuen “The Price of Salt” eleberriaren pantailaratzea da.
Cate Blanchettek maisuki jokatzen du atsegin ez duen gizona eta biziki maite duen alaba uztera behartutako emakume aberatsarena. Rooney Mara gaztea maiteminduko duen emakumea. Blanchettek ia itzaliko du Mararen antzezlan ederra. Harrapatzen zaituenetakoa da gaztearen antzezlana. Eta nola ez Blanchettena Batzuek jada Oscar bidean jarri dute pelikula eta aktoreak. Lehian dagoen bigarren eta azken estatubatuarrarak, Gus Van Santek kritikoen txistuak jaso zituen. Todd Haynesek aldiz txalo zaparrada. Aretoko aire egokituak baina ez nau pelikulan sartzen utzi. Polita baina hotza iruditu zait. Bigarren aukera eman beharko diot zinemalditik kanpo.
Eta Cannesen ez ohikoa dena: dokumentala. Hori ikusteko parada izan dut “La Quinzaine des Realisateurs“i esker. Marcia Tambuttik urte askoan bigarren abizena ez du erabili. Baina azken urteetan bere aitonaren eta familiaren inguruko galderak egiten hasi zen. Zailak omen diren galderak. “Allende mi abuelo Allende“ filmarekin aitona gizon politikoaz gain ezagutu nahi zuen Tambuttik. Baina Salvador Allende presidentearen figuraz gain, zaila zitzaion familiari politikoaren pean zegoen gizonaz hitzegitea. Familia askoren istorioa kontatzen du era berean dokumentalak, errealitate batzuk estali nahi diren familien kasuan.
Bihar lehian bigarren film frantziarra, Stéphane Brizék sinatuta, eta duela lau bat urte, kritikoen atentzioak eskuratu zuen Joachim Trier norvegiarra.
Please comment with your real name using good manners.