CANNES 68: Benicio del Toro Villeneuven film polizikoan eta anai arreben arteko amodioak

KRISTINA ZORITA Cannes

Astearte honetan bi Del Toro izango dugu Sail Ofizialean baina ez dute harremanik. Bata, Guillermo zuzendaria, epaimahaian dugu. Bestea Benicio aktorea Sicario filmaren protagonistetako bat da. 2008an “Che” paperagatik Canneseko gizon aktore onenaren saria jaso ondoren, berriz bueltan da Kosta Urdineko hirian. Benicio del Toro egun batzuk darama Cannesen, Fernando Leon de Aranoa filmaren protagonistetako bat izaki, aurretik “La Quinzaine de Realisateurs” sailean oholtza gainean ikusteko aukera izan genuen, Leon de Aranoaren “A Perfect Day” filma defendatzen. Asteartean alfonbra gorritik gora egingo du “Sicario” filma aurkezteko.

Benicio del Toro “Sicario”n

Denok ditugu gure mamuak. Esaterako arauen arabera jardun nahi duen Kate, FBIko kideak. Emily Blunt aktore britaniarrak jokatzen du dibortzio baten ondoren noraezean dagoen agentearen papera. Bere mamuak ere ditu droga kartel baten kidea izatetik Ameriketako Barne ministerioaren mertzenario izatera pasa den Guillermo kolonbiarra. Itzel, ohi baino neurritsuago dago Benicio del Toro horren erretratuan. Alboan Josh Brolin dute. Eta drogaren aurka edozein motatako indarkeria, Ekialde Hurbiletik arauak gaindituta ezarritako indarkeria ezarri daitekelaren kultura.

Emily Blunt FBIko Kate agentea da “Sicario”

Azken urtetan karrera sendotzen ari den Denis Villeneuve zuzendaria kanadiarrak thriller oso ona burutu du. Suspenseari ederki eusten diona. Baina nire gusturako gerra jokoetan gehiegi zentratzen da. Azken urteetan telebistaz ezagutu ditugu filmatzeko moduak, Afganistaneko gerran soldaduen kaskuetan daramaten kamarei esker filmatuko eskenak, tenperatu neurtuz errodatzen diren eskenak edo bankuetako kamara finkoez errodatutako asko daude. Bideo jokoen kutsua emanez tarteka.

“Marguerite et Julien”. Zuz.: Valérie Donzelli

Eta mutikoen gerra jokoetatik neskatoen ipuin batera. Sail Ofizialean lehian dagoen bigarren filma mojekin bizi diren neskato batzuei kontatutako istorio batetik hasiko da. Horrek ahalbideratzen dio Valérie Donzelli zuzendariari inkongruentzia historikoak izan zitezken elementuak sartzea Marguerite et Julien filmean. Txikitatik elkar maite duten bi anai arreben pasioa irudikatu du. Marguerite eta Julien De Ravalet XVII. mendean bizi eta hil ziren. Baina Donzellik intzestu istorio hau denboraz gaindikoa egin nahi du. Naturak eta gizarteak duten borroka azpimarratuz.

Donzelli zuzendaria bilakatutako aktorea da. Zuzendu zuen bigarren filma “Declaration de guerre” autografikoa “La Quinzaine de Realisateurs” sailean aurkeztu zuen. Hura eta zuzendu zuen hurrengoa, “Main dans la main” ikusi ondoren, ikusmina nuen hau ikusteko. Eta egia esan oraindik erabakitzeke dut gustatu zaidan edo ez. Tarteka bai, tarteka ez. Uste dut aurrekoak maiteago ditudala. Lehenengoa egin zuen modura senarra izandako Jérémie Elkaíme batera egin du lan honetan ere. Berriz ere gidoia elkarrekin idatzi dute eta gizona aktore nagusia da, arrebarekin maitemindu den Julien. Bikote artistikoa sendoa ondorioz. Eurei erreplika emanez, eta ederki beste behin, Anaïs Demoustier Margueriteren paperean.

Eta Sail Ofizialetik kanpo egin ohi dudan jauzian asteartean Brillante Mendoza filipinarra tokatu da. Haiyan tifoiaren ondorenean kokatu du Mendozak Taklub (Tranpa) filma. Horri esker traumari, desagertutako lagun bati nola egin aurre aztertzen du. Bere pertsonaiak dokumenteletan bezala, cinema verite moduan jarraitzen ditu, tarteka bilatutako desenfokekin. Aktore batzuk ederki ari dira eta sekuentzia batzuk ondo, bukaera aldera batez ere, oso ondo daude, baina nekearen ondorioa izango edo, ez dut guztiz maite Locarnon sari jaso zuen Mendozaren azken hau. Ikusteke datozen egunotan uzten didan hondarra.

Asteazkenean aurrez aurre lehian, bi maisu: askok “La Grande Belleza” eta “Il Divo”rekin txundituta utzi gintuen Paolo Sorrentino italiarra eta Cannesen irabaztea zer den dakien Zhangke Jia txinatarra.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online