Isabelle Rosselliniren begiradapean, Canneseko zinemaldiaren edizio anglofonoena abiatzear

KRISTINA ZORITA Cannes

Oscar sariez gain, zine munduan izaten den hitzordurik nagusiena gaur hasiko da Frantziako Kosta Urdineko hiri txiki batean. Hilaren 24rarte, Canneseko zinemaldiak bere 68. edizioa hartuko du. Gehien itxoiten diren pelikulak eta izar distiratsuenak ikusteko aukera paregabea gaur hasiko da diva baten begiradapean, aurten 100 urte egingo lituzkeen Ingrid Bergman aktore suediarraren begiradapean. Berau baita aurtengo edizioaren irudia.

Catherine Deneuvek epailearena egiten “La Tête Haute” pelikulan

Eta zinemaldiaren pelikula jarioa hasteko beste diva bat, frantziar diva: Catherine Deneuve aktorea. Bera da zinemaldia zabalduko duen La Tête Haute pelikularen aktore nagusia, nerabe delikuente bat salbatzen saiatuko den epailea. Pelikulari esker Emmanuelle Bercot zuzendaria Cannes zabaltzen duen bigarren emakume zuzendaria da … 68 urtetan. Baina Bercoten filma lehiaz kanpo arituko da. Beste bost film frantziar izango dira lehian: besteak beste, Jacques Audiarden azkena Dheepan, Frantzian bizi den tamil gerlari baten ingurukoa eta “Declaration de guerre” zuzendu zuen Valérie Donzellik anai arreben amodio bat ekarri du Marguerite et Julien filmera.

Jérèmie Élkaim eta Anaïs Demoustier “Marguerite et Julien” dira

Aurten Sail Ofiziala inoiz egin den anglofonoa izango da. Lehian 20 izenburu daude. Horietatik 3 bakarrik zuzendu dituzte inglesa ama duten zinegileek: Gus Van Sant eta Todd Haynes estatubatuarrak eta Justin Kurzel australiarra. Baina lehiatzen diren pelikulen erdia baino gehiago erdizka edo osorik ingelesez daude. Shakespearen hizkuntzan filmatu dute Joachim Trier norvegiarrak, Michel Franco mexikarrak, Paolo Sorrentino eta Matteo Garrone italiarrek eta Yorgos Lanthimos greziarrak. Sorrentinok Michael Caine, Harvey Keitel eta Rachel Weisz zuzendu ditu Youth deritzan filmean. Weisz bera Lanthimosen agindupean jarri da, Dublinen Colin Farrellekin batera fimatu duten The Lobster bitxian.

Cate Blanchett eta Rooney Mara amoranteak dira “Carol” pelikulan

Denen “nahi dut” zerrendan dago Todd Haynesen Carol pelikula. Telebistarako “Mildread Pierce” zuzendu ondoren, urteetan lehen film luzea izango du Haynesek. Eta gainera Cate Blanchett zoragarria zuzenduz. Ikusmina ere “Good Will Hunting” edo “Milk” zuzendu zituen Gus Van Santen azkena ikusteko. Sea of Trees filmak suizidoen japoniar basoan jarriko du Matthew McConaughey Oscar sariduna. Bela Tarr hungariarra ohikoa zen Cannesen. Aurten laguntzaile zuen Laszlo Nemesek zuzendutako lehen pelikula Sail Ofizialean lehiatzeko hautatu dute. Auschwitzeko preso baten trauma kontatuko digu Saulen Semea pelikulak.

Sail Ofizialean baina lehiaz kanpo Printze Txikia liburu ezagunaren pantailaratzearen eta Woody Allenen azkenaren, Irrational Man pelikularen estrenaldiak izango dira. Baita telebistarako “Mad Men” seriaren lehen atala errodatu ondoren pantaila handira Barbet Schroederren itzulera, Ibizan kokatutako Amnesia. Gauerdiko saioetan, Gaspar Noék 3Dn errodatutako film erotikoa, Love eta Amy Winehouse zendutako kantariaren inguruko dokumentala.

Zinemaldi honekin batera egiten den “La Quinzaine des Réalisateurs” zinemaldian, arrisku gehiago duten pelikulak eman ohi dira. Horien artean aurten adituek izena lortzen ari den Miguel Gomes portugaldarraren azkena bakandu dute. Portugaleko krisia Sherezaderen eraran kontatua, sei orduko As mil e uma noites filma.
Aipatzekoa Thomas Bidegain gidoilari zuberotarrak zuzendutako lehen film luzea, Les Cowboys eta Fernando León de Aranoaren lehen partehartzea Cannesen, laguntzaile humanitarioak gaitzat dituen A Perfect Day filma.

Ohorezko Urrezko Palmondoa emango zaio Agnès Varda artista belgiarrari. Dokumentalean eta zine feministan entzutea duen zinegileak Cléo de 5 à 7 eta Les plages de Agnés filmak ditu besteak beste. Argazkilaria, gidoilaria, aktorea,zuzendaria, margolaria, … artista osoa da zinemaldiak gogoratzen duenez. Aurretik hirutan eman da sari hau: Woody Alleni 2002an, Clint Eastwoodni 2009an eta Bernardo Bertolucciri 2011an. Varda ohore hori eskuratuko duen lehen emakumea izango da.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply