CANNES 68: Garroneren ipuinak eta Kore-Edaren familia erretratuak Mad Maxen suminaren pean

KRISTINA ZORITA Cannes

Forrest Gumpi kopiatuz esan dezakegu Canneseko zinemaldia bonboi kutxa dela, inoiz ez dakizu zein hautatu. Eta batzutan tronpatzen zara. Gaur berehala gure zineetan izango den blockbusterra, Mad Max: Fury Road sahieste nahi nuen. Sail Ofizialean dago baina lehiaz kanpo. Sarietarako ez duenez kontatzen, estrenaldi komertzialean ikusteko utzi dut eta goizean Semaine de la Critiquen egin du saiakera. Cannesen paraleloan azken 54 urteetan egiten den mostra honek Sail Ofiziala bezala film frantziar bat hautatu du hasteko. Berau ikustera joan naiz. Goizeko 8:30tan. Ibilbidea sendotzen ari diren Tahar Rahim eta Adèle Exarchopoulos dira “Les anarchistes” filmaren protagonistak. Publizitatean diotenez, astearen helburua bada “zineman dagoen aire berria arnastea“, Elie Wajemanek zuzendu duen drana historiko honekin ez du ematen. Klasikoa da oso, 19. mendean talde anarkista bat zapuzteko amodio eta saldukeria istorioa hau. Kutsu moderno bakarra tarteka entzuten diren abestiek jartzen dute.

Eta asko tronpatu naizela konturatu naiz Mad Max: Fury Road filmetik atera direnen iritzia entzun dudanean. Akziozko saga apokaliptikoaren laugarren atala itzela omen da, zine eskena ederrak eskaintzen dituen horietakoa. Lehen atala filmatu zuela ia 30 urte pasa ondoren, George Miller zinegile australiarrak berriro heldu dio errepideen gerlarien kontakizunari. Honetan Tom Hardy eta Charlize Theron ditu protagonista nagusi. Orain heroia ez da Mad Max (Tom Hardy) bera, bost emakumeen buru den Furiosa (Charlize Theron) bazik. Filmaren publizitatea dionez, gizon emakumeak ez dira jada gizakiak, haragia baizik. Eta horrela ekin diote aktoreak eta zuzendariak. Baina itzel omen daude guztiak. Beraz asteburu honetan ikusteko zerrendan ipini dezakezue.

Eta Mad Maxen su artifizialetatik, samur, oso samurki su artifizialak pizten dituen Hirokizu Kore-Eda japoniarrera. Aurten sail ofizialean hiru asiar zinegile lehiatzen dira. Hiruak izen haundikoak. Lehena gaur taularatu da. Kore-Eda familia istorien maisua da. Askotan izan du oinarrizko gizarte talde hori gai nagusitzat. Eta honetan ere, azken 14 urtetan Canneseko lehiaketan partehartzen duen bosgarren saiakera honetan, familiaren gaiari heldu dio berriz.

Amonaren etxean bizi diren hiru aizpeei erdi aizpa gaztea etorriko zaie. Hori daUmimanchy Diary (Gure aizpa gaztea) filmaren hasiera. Ama utzi ondoren aitak izandako alaba da eta etorrera horrek familiaren oroitzapen zaharrak astinduko ditu. Baina ez bakarrik. Lau emakumeen amodio bizitza eta bizilaguneekiko duten harremana ere islatzen da film goxo honetan. Maitatuko duzu Kore-Edaren estiloa maite baduzu. Eta printzipioz, sinpleak ematen duten istorioak, eguneroko bizitzaren kontakizuna maite baduzue.

Kritikaren txaloak jaso ditu japoniarraren proposamen berria. Duela zazpi urte, “Gomorra” filmarekin ospe handia lortu zuen Matteo Garrone italiarrak lehiaketara ekarritako berriak ez, ordea. Garronek 17garren mendean Napolesen ipuinak biltzen aritzen zen Giambattista Basile ezagutzera eman nahi izan du. Eta horregatik Basileren hiru ipuinak pantailaratu ditu Il Racconto dei Racconti (Ipuinen Ipuina) filmean, Italiako gaztelu ederrenetan filmatutako pelikulan.

Garronek Basile publiko zabal bati ezagutarazi nahi zioenez, ingelesez eta aktore ezagunak zuzenduz egin du. Esaterako Salma Hayek eta John C. Really estatubatuarrak eta Vincent Cassel frantziarra. Hayek Cannesera etorri eta prentsaurrekoan defendatu du Garroneren filma. Baina kritikoei kasu egin ezkero, emaitza ez da ona. Hasiera ona du eta zine oneko hainbat eszena baina “Gomorra”ko errealismotik kanpo fantasian ez omen da moldatzen Garrone.

John C. Reily eta Salma Hayek, Errege eta Erregina “Il Racconto dei racconti” filmean

Bihar azken urteetan kritikoen artean arrakasta handia izan duen Yorgos Lanthimos greziarra eta Laszlo Nemes hungariarraren lehen filmea izango dira lehian.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online