KRISTINA ZORITA Cannes
Zine munduko jaialdi nagusiena hastera doa. Bihar Canneseko zinemaldiak bere 68. edizioa zabalduko du. Gehien itxoiten diren pelikulen eraskuslehioa, merkatu erraldoia eta izarren pasealekua martxan jarriko da. Maiatzaren 24rarte iraungo duen zinemaldia aurten izar haundi baten begirapean egingo da: Ingrid Bergman. Aktore suediarra jaio zela 100 urte betetzen diren urtean honen argazki bat hautatu du kartel nagusi Cannesek. Berau izango da Palais de Festivaleko fatxada estaltzen eta Kosta Urdineko hiria beteko duten kartel guztietan.
Bergman 1973an Zinemaldiko epaimahai burua izan zen. Isabella Rossellini alabak aitortu duenez familia oso hunkituta dago hautaketarekin. “Bere karrerak hainbat herritan zabaldu zen, Europako film independiente txikienetik Hollywoodeko ekoizpen handietara” esan du. Aktore suediarraren inguruko “Ingrid Bergman, in Her Own Words“ dokumentalaren proiekzioan izango da Isabella Rossellini. Zinemaldiak ekoiztu du gainera Rossellinik amaren omenez egunotan aurkeztuko den ikuskizuna. Ingrid Bergman eta Roberto Rossellini zuzendariaren alaba, aktorea eta zuzendaria dena zinemaldi osoan izango da. “Un Certain Regard“ (Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi antzerako) sailaren epaimahai buru baita.
Epaimahaiak aukera ederra dira zinemaldi baten zeruan izarrak eskegiteko. Rossellinirekin batera, “Un Certain Regard”eko epaimahaian azken urteetan izen handia bilakatu den Tahar Rahim aktore frantziarra izango da, esaterako. Sail Ofizialeko epaileen artean izango dira Joel eta Ethan Coen zinegile estatubatuarrak, Xavier Dolan kanadiarra eta Guillermo del Toro mexikarra. Eta Jake Gyllenhaal aktore estatu batuarra, Sophie Marceau frantziarra eta Sienna Miller britaniarra.
Eta nola ez, pelikulek izarrak erakarriko dituzte. Sail Nagusian dagoen Matteo Garroneren pelikulako izarra den Salma Hayek Cannesera etorriko da. Ziurrenik François-Henri Pinault gizonarekin. Pinaulten Kering enpresa taldeak “Women In Motion” programa martxan jarriko baitu zinemaldian, emakume zinegileak saritzeko ekimena. Croissetten ere izango dira Cate Blanchett, Michael Fassbender, Emily Blunt eta Matthew McConaughey. Eta litekeena Jane Fonda, Michael Caine, Harvey Keitel eta Benicio del Toro ere hurbiltzea. Izar lokaleen artean, Catherine Deneuve, Marion Cotillard, Isabelle Huppert, Gérard Dépardieu, Vincent Cassel eta Anaïs Demoustier alfonbra gorrian zehar ibiliko dira. Guztiek pelikula dute Sail Ofizialean.

Cannesen behin baino gehiagotan ibilitako Natalie Portman aktorea ere ikusteko aukera izango dugu aurten. Zuzendu duen lehen filma, “Amodio eta iluntasun istorioa“, saio berezi batean, lehiaz kanpo aurkeztuko da. Beste saio berezi batean, “Mad Max: Fury Road“ pelikularen estrenaldia izango da. Eta pelikulak Cannesera ekarriko ditu pelikulako aktore nagusiak, Charlize Theron hegoafrikarra eta ziurrenik Tom Hardy britaniarra. Eta edizio askotan ibilitako Woody Allen zuzendaria ere kosta urdinera etorri daiteke. Besapean baina lehiaz kanpo “Irrational Man” azken pelikula ekarriko du. Berarekin Joaquin Phoenix eta Emma Stone aktoreak iritsiko dira.

Eguzkitan edo eguzki gabe, dirdir egingo duten izar andana beraz.
Please comment with your real name using good manners.