Zortzi egun barru Donostian jada guztiz errotuta dagoen Giza Eskubideen Zinemaldia abiatuko da. Apirilaren 17tik 24ra egingo den XIII. edizioa Zang Yimou-ren “Coming Home” film berriak inauguratuko du. Itxi berriz Tomas Lilti mediku eta zinegile frantziarraren “Hippocrate“ filmak itxiko du. Osotara 26 luzemetrai, 16 film labur, antzerki lan bat, 3 erakusketa eta hainbat ekitaldi izango dira zazpi egun horietan. Urtero ematen duten giza eskubideen saria aurten Lourdes Portillo zuzendari eta aktibista mexikarrari emango diote.
Mexikon jaio baina nerabe zela Estatu Batuetara etorkin bezala joandako Lourdes Portilloren lehen lana “Las Madres de la Plaza de Mayo“ izango da aurten Victoria Eugenian ikusiko dugun lehen filma. Oscar sarietara izendatuta egon zen dokumentala horren ondoren, Portillok berak saria jaso eta hitzaldia entzuteko parada izango da. Irekiera ofiziala baina Zhang Yimouk iazko Canneseko zinemaldian, lehiaz kanpo, aurkeztuko filmak egingo du. Yimouk berak pairatu zuen Txinako Iraultza Kulturala eta testuinguru horretan kokatu du “Coming Home” filma. Yimouren azken urteetako zine samurra da baina hainbat zinematografi eskolak ere ematen ditu.
Ez da zinemaldi garrantzitsuenetatik pasatako film bakarra izango. Giza Eskubideen zinemaldi hau bukatzen den egunean 100 urte beteko dira Armeniako genozidioa hasi zenetik. Zortzi urtetan armeniarrak Anatoliatik desagertarazi zituen Turkiak. Hori gogoan, iaz Fatih Akin turkoalemanarrak zuzendu zuen “The Cut“. Veneziako zinemaldian estrenatu ondoren, hainbat zine jaialdietan eman dute. Guk igandean ikusteko aukera izango dugu. Aurrretik, larunbatean, Angelina Jolie ekoizle izan zuen “Difret“ filma izango dugu. Etiopian ezkontzeko emakumeak bahitzeko ohitura salatzen du filmak. Sundance eta Berlineko zinemaldieetan parte hartu du.
Horiekin batera, fracking-a, neokolonialismoa, finantza tiburoei aurre egiten dietenak eta kalegorrian bizi direnen errealitatean murgiltzeko aukera emango diguten hainbat film. Gainera horren inguruko solasaldiak izango dira filmen ondoren, aditu eta mugimenduetan dauden kideekin. Film luzeen artean, bi euskal ekoizpen ikusteko aukera dugu. Biak emakumeek zuzenduak. Asteazkenean errefuxiatu eremuak antolatu dituzten emakume sahararren istorioa hurbilduko digu Diana Navak, bere “Coría y el mar“ filmaren bitartez. Ostiralean berriz Bertha Gaztelumendik egindako film ertaina emango da. Billabonan Gerra Zibilaren ondorioz bizikidetza berreraikitzeko lana jaso du “Negar franko egin zituen aitak“ filmean.
Horrez gain, igandean, “Ez dira aspaldiko kontuak” antzerki lana ikusteko aukera izango da. Segurako herriaren lan kolektibo honetan lehen ikastolen sorrera eta errealitatea gogoratzen da. Gerra osteko herri baten testuinguruan sortutako ikastetxeak. Eta jada martxan dauden hainbat erakusketa egitarauan sartu dira: II. Mundu gerrako “Comète Ihesbide Sarea” oroitzeko San Telmon dagoena, Aieten Nazien Presentzia Bidasoan erakusten duena eta FNACen “Haur pobrezia Espainian” jasotzen duen argazki erakusketa. Guztia ixteko larunbatean urteko lehen Musika Parkean egingo dute Aieten. Beti bezala egitarau gustagarria, beraz.
Please comment with your real name using good manners.