Aste Santua tarteko, laburrago dator hilabete honetako Donostiako Kresala zineklubaren egitaraua. Eta hasteko ostiralean hasiko den Giza Eskubideen Zinemaldiarekin bat egingo dute. Bilboko FAS zineklubak ere egitarau berezia prestatu digu hilabete honetarako. Hilabete bukaeran film laburren zinemaldia izango dute.
Kresalan astelehenean “La Grande Vadrouille” (La Gran Juerga) eskeiniko dute. Garai bateko zinekluben aktore ezaguna, Louis de Funes, ikusteko aukera izango dugu. Doan da eta San Telmo Museoaren eta Giza Eskubideen Zinemaldiaren kolaborazioaren laguntzaz egingo dute. Iñaki Gonzalez irakasleak aurkeztuko du. Hurrengo astean, Greziaren errealitateari so egiten dioen film bat. Azken bi urteetan, hainbat zinemaldietatik pasa den “Boy Eating The Bird’s Food“. Atenasen lanik eta neskalagunik ez duen gizon batek bere txoriarekin txirotasuna partekatuko du. Yiannis Papadopoulos aktoreak sari batzuk jaso ditu lan honengatik. Iñaki Ortizek aurkeztuko du filma.
Hilabete bukaeran, aurkezpen berezia izango da. Iaz Rax Rinnekangas finlandiarrak arkitekturaren etika gaia zuen “Theo’s House“ filma errodatu zuen. Duela 10 urte, bi arkitektoek egurrezko etxe batzuen ordez porlanazko etxeak egin zituzten. Hamar urte beranduago, horien inguruan eztabaidatzen dute biek. Filmaren musika Donostian bizi den Pascal Gaignek sinatu du. Eta apirilaren azken astelehenean Rinnekangas zuzendaria bera, Pascal Gaigne eta pelikularen beste taldekide batzuk izango dira.
Eta hain zuzen, ingurumenean egiten diren basakeriak da FAS zineklubak astearte honetarako programatu duen pelikularen harietako bat. Duela bi urte Locarnoko zinemaldian Lois Patiñok zuzendari gazteen saria jaso zuen “Costa Da Morte“ pelikulari esker. Filmean Galizako kostan bizi dena eta bizi direnak erradiografiatu zituen. Aurretik “Oda a la fábrica abandonada“ film laburra emango dute. Unai Alonso, Yaël Gaitero eta Iñaki Uriarte zuzendariak aurkezten izango dira.
Hilaren hirugarren astean, Roman Polanskik zuzendu zuen bigarren filma aurkeztuko dute. Catherine Deneuve Carol Ledoux da, Londresen, aizparekin bizi den emakume ederra eta ixila. Baina sekretu bat du. 1965an filmatu zuen Polanskik “Repulsión“ Britania Haundian. Ingelesez filmatzen zuen lehena. Izu psikologikoko pelikula hau “Rosamery’s baby”ren aurrekaria da eta Berlinen Zilarrezko Hartza eta FIPRESCI sariak jaso zituen. Aurretik “Estoy sola y no hay nadie en el espejo“ film laburra pantailaratuko dute Bilboko zineklubean.
Hila bukatzeko, azken asteartean, saio berezia izango da. III “Aitzol Aramaio Oroimenean“ Film Laburren zinemaldia programatu dute. Zazpi pelikula osotara. Gehientsuenak azken urteko ekoizpena. Baina tartean ere, bada 1959an Hubert Knapp zuzendariak filmatuko “Le Curé de Grèciette“ emango dute. Ipar Euskal Herriko gizartearen erretratua. Besteak hauek dira:
· Footing, Lander Otaola, Aritz Bilbao
· Don Miguel, Kote Camacho
· Nire aitaren etxea?, Irene Bau
· Untied (desenlace), Iván Cortazar
· Zarautzen erosi zuen, Aitor Arregui
· Homing, Xabier Iriondo
Ohiko zine aretoetatik kanpo bada aukera zabala beraz.
Please comment with your real name using good manners.