Frantziko mendebaldean, Nantesen, Loira ia itsasoratzen den lekuan, mende laurdena daramate espainiar zinema omentzen. 25. edizioa du aurtengoa Nanteseko Espainiar Zinemaren jaialdiak. Eta bertan, euskal partehartze pottoloa dugu. Julio Verneren hiriko bizilagunek sari bila arituko diren bost euskal film luze eta labur bat ikusteko aukera izango dute. Hortaz gain, beste hiru euskal film dastatzeko aukera ere izango dute “La Fenêtre Basque” (Lehio euskalduna) deritzan sailean. Martxoaren 20tik hila bukararte egingo da zinemaldia.
Espainian iaz zeresana eman duen zinea, zine onena, hurbilduko du zinemaldiko Sail Ofizialak. Eta guztiak Donostiako Zinemaldian izan ziren, besteak beste, saria izan zuten “Magical Girl“ eta “La Isla Mínima“. Lehiatzen diren sei filmeetatik hiru euskaldunak dira. Iazko loraldiaren froga ote? Filmok Roberto Castónen “Los Tontos y los Estúpidos“, Borja Cobeagak zine aretoetan pantailaratu berri duen “Negociador“ eta Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren “Loreak“ dira. Cobeaga eta Garaño izango dira Frantziako seigarren hirian, datorren asteko asteburuan, publikoarekin aurkezpen banatan. “Pozik, ilusioz” hartu dute Garañok eta Goenagak beste zinemaldi batean pelikularen parte hartzea.
Publikoarekin hartuemana izango du ere Mikel Rueda zuzendari gazteak. Opera Prima sailean lehiatzen da “A Escondidas“ filmarekin. Sail berean lehiakide izango du jada AEBtan aurkeztu den “La Noche del Ratón“, David Rodriguez Losadaren lehen filma.Rodriguezi ilusio berezia egiten dio, “agian Santa Barbaran aurkeztu izana baino gehiago, Nantesekoa ia hemengo publikoa baita“. Hauekin batera film laburren lehiaketan “Zarautzen erosi zuen“ Aitor Arregiren laburra izango da.
Dokumental sailean ez da euskal lehiakiderik. Kimuak saileko koordinatzailea Txema Muñoz epaimahaikide izango da baina. Eta sail horretan aurkitzen dugun zinemaldian dagoen emakumezko zuzendari baten lan bakarra: Iciar Bollaínen “En Tierra Extraña“.
Azken urteetan, zinemaldi honetan lehioa zabaltzen diote euskal ekoizpenei. Aurten hainbat lehiaketetan daudenez gain, Emilio Martinez Lázaroren “8 Apellidos Vascos“, Ricardo Ramónen eta Joan Espinachen “Aita Zombia naiz“, Pablo Maloren “Lasa eta Zabala“ eta Iñaki Artetaren “1980“ ikusteko aukera dago. Azken bi film hauek aitzaki hartuta ezbaia antolatu dute Artetarekin eta Malorekin “1980/90 urteak: euskal zinema terrorismo eta Estatu terrorismoaren artean” lelopean. Luze eta zabala ikusiko da beraz euskal zinema Nanteseko Espainiar Zinemaren jaialdian.
Please comment with your real name using good manners.