Bere bizitzaren lehen 18 urteak baserrian eman zituen Asier Altunak (Bergara 1969). Horregatik aspaldi, urteetan idazten eta berridazten ibili da “asko ezagutzen dudan mundu” hori jasoko zuen istorioa. Komedia bezala jaio zen, baina Altunak dio “zahartzean, serioago jarri naiz edo, eta komediatik dramara pasa da“. Oraingoz “Amama” izenburua izango duen “pelikulari iritsi zitzaion jaiotzeko unea“, aitortzen digu, errodajea bukatu eta gutxira.
Drama kontatzen duen istorioak ere eskatzen duela esan genezake. Altunak bakarka egiten duen lehen fikziozko luzea nostalgikoa da oso. “Baserriko bizimodua asko aldatu da azken 100 urteetan“, dio “desagetzear dagoen mundu bat da“. Eta horren adibide familia protagonista da. Baserrian jaio eta hil nahi duen Tomasek “bere bizitza eta mundua desagetzen ikusten du“. Seme zaharrena baserritik kanpo ezkondu da, alaba artista da eta baserrira itzuliko da sortze prozesu baten erdian, erdikoak, baserriarekin jarraitzeko hautatuak, Bruselan egin dioten lan eskaintza hartu behar du. Tomasentzat “bere bizitzak ez du zentzurik, hurrengo belaunaldiekin apurtzen doaz“. Amamaren heriotzak familia bildu eta tentsioa apalduko du.
Pelikula guztia konfliktoan pasako duen Tomas gorpuzteko Kandido Uranga hautatu du Altunak. Bera eta Tomasen emaztearena egiten duen Klara Badiola “idazten hasi nintzenetik buruan nituen“, dio. Besteak zineman eskarmentu gutxiagokoak dira. Seme zaharrena antzezten duen Ander Lipus eta alabarena egiten duen Iraia Elias antzerkitik datoz. Erdiko semea Kandido Urangaren semea bera da, Manu, “aitaren kriston antza du, eta begirada indartsua“. Eta Amama, 83 urte dituen Amparo Badiolak inoiz ez du antzeztu baina kalean topatu zuen zuzendariak eta “haren kristoren elegantziak eta freskotasunak” harrapatu.
Telmo Esnal zuzendari laguntzaile, Ander Sistiaga ekoizle, Javi Agirre argazkilari zuzendari eta Laurent Dufreche editore.

Altunaren esanetan “inkomunikazio pelikula da, pertsonaiek ez dute hizkuntza bera hitzegiten“. Horrela elkarrizketa gutxi daude eta begiradekin, isiltasunekin eta pertsonaien akzioekin kontatuko da. “Baserriaren erritmoa, naturaren tenpoa” izango duen pelilkulak eta EITB, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza du. Beste finantziaketa iturrien zain euskaraz guztiz errodatu den filmak udaberrian edo uda pasata izango du estrenaldia.
Please comment with your real name using good manners.