Donostian zine feministaren hirugarren ikustaldia prest

Donostiako andere etxeak 3. urtez “zinema feminista”ren ikustaldia prestatu du. Astelehenetik ostegunera emakumeen perspektibaz egindako zinema horretan Claire Denis eta Agnès Varda, erreferente diren bi zine zuzendariren pelikula bina emango dituzte Donostiako Antzoki Zaharrean eta Lugaritzeko Kultur Etxea artean.

 

Lehenik eta behin Parisen jaio, baina Afrika kolonialean koskortutako Claire Denisen filmografiari errepaso txikia egingo diote. Wim Wenders eta Jim Jarmuschen zuzendari laguntzailea izan ondoren, 1998an jauzi eman zuen bere film propioak zuzentzeari. Venezian eta Cannesen estreinatu ditu filmak eta Locarnon saritu dute. Bere film gehienetan Tindersticks taldearen musika izaten ohi du.

Astelehenean, Kontinente Beltzean girotutako Una mujer en África (White Material) filma emango dute. Afrikako herri istilutsu batean, Isabelle Huppertek etxaldea uzteari uko egin dio eta herrian geratzen den zuri bakarrenetakoa gorpuzten du. Marie Ndiaye idazlearekin bat egindako gidoia du filmak. Asteartean berriz,35 Tragos de Ron (35 rhums) izango dugu ikusgai, kabia utzi behar duen alaba eta aita baten arteko harremana aztertzen duen filma.

 

Bruselan jaio zen Agnès Varda batez ere dokumentalista bezala ezagutzen da eta arlo horretan onenetakoa. Ikustaldiaren katalogoan diotenez, “XX. mendeko giza iraultzetan partaide eta zine feministaren aintzindari, hau da, andereen rolak, askatasunak, irudiak, independentziak, naturarekiko harremanak, jaiotza eta heriotzaren ikusmoldeak, naturaren pertsonifikazioak, munduko kontraesanak aztertzen ditu“.

 

Varda “Nouvelle Vague“ren aintzindari jotzen dute, batez ere, 1961an errodatu zuen Cleo de 5 à 7 film honi esker. Protagonistak besteek berari buruz duten ikuspegitik bere baitarako bidaia egingo du. Asteazkenean Lugaritzeko Kultur Etxean ikusiko da. Aurretik Réponse de femmes: Notre corps, notre sexe film laburra emango dute. Ostegunean bere film autobiografikoa emango da Les Plages d’Agnès.

Astearte eta osteguneko saioen ostean solasaldiak izango dira Carmen Urruela (Simone de Beauvoir talde feministaren) kideak gidatuta.

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online