Sail Ofizialean izango diren bost titulu ezagutzera emanda zituen jada Donostiako Zinemaldiak. Donostia Saria jasoko duen Denzel Washingtonek antzezten duen azkenak zabalduko du saila. Hortaz gain sailean izango diren euskal eta espainiar pelikulak jakin arazi zituzten. Ostegun honetan berriz, Urrezko Maskorraren bila arituko diren zazpi film iragarri dituzte. Eta horien artean, beterano bat, Zinemaldiaren laguna zaharra eta indartsu datozen zuzendari berriak.
Aipaturiko zazpi izenen artean, Asiar zinemaren ordezkari bat, oraingoz bakarra. Entzute handia lortu zuen “Memories of a Murder” hegokorearrak. Film horren gidoigilea, Shim Sung-bo zuzendaritzara pasa da. Donostira “Haemu“, berak zuzendutako lehen filma ekarriko du. Benetako istorio batean oinarritua itsas abenturatzat jotzen du ekoizpen etxeak. Legez kanpoko etorkinak garraiatzen dituen arrantza-ontzi bateko tripulazioa erotzeraino iristen da.
“The Drop“ zinemarako James Gandolfinik egindako azken antzez lana da. Iaz zendu zen The Sopranos serieko aktore ezaguna. Mafiaren inguruko filma eleberri batean dago oinarritua. Brooklingo tabernari batek kolpatutako pitbull bat salbatuko du eta Nadia emakume misteriotsu bat ezagutuko. Filma Hollywooden Michaël R. Roskam zuzendari belgikarraren debuta da. Belgikarrak duela hiru urte “Bullhead” lehen film sendoa osatu zuen eta horri esker Oscar sarietara izendatu zuten.
Beste bostak Europan ekoiztu dituzte. François Ozon zinemaldiko ezagun zaharra da. Donostiako jaialdian, “Sous le Sable“, “Le Refuge” eta “Dans La Maison“ekin lehiatu da. Azken honekin Urrezko Maskorra lortu zuen duela bi urte. Hortaz gain, Zabaltegin eta Perletan Ozonen beste pare bat film ikusteko aukera izan dugu. 62. edizio honetan “Une Nouvelle Amie” filmarekin lehiatuko da. Emakume batek txikitako lagun bati agindutako betetzeari ekin behar dio. Orduan ustekabea izango du. Antzeztaldearen buru jada aktore sendo bilakatu den Romain Durais dugu.
Beste zuzendari frantziar baten lana ikusteko aukera izango da. Orain arte jakitera eman duten emakume zuzendari bakarra. Aktore lanetan heldu zion zinemari Mia Hansen-Løvek. Baina azken urtetan filmak zuzentzeari ekin dio kritikaren txaloak jasoz. 90eneko Frantzian arrakasta izan zuen musika elektronikoa arakatuko du bere laugarren filmean, Donostian lehiatuko den “Eden“ pelikulan.
Michal Sturminger austriarrak batez ere bideo dokumentalean aritu da. Fikziozko bigarren luzean Casanovaren mitoari heldu dio. John Malkovichek antzeztuko du inoiz izan den seduktorerik handienaren mitoa “The Casanova Variations“ film honetan. Antzezlan baten modura kontatua, Casanovaren pasioak eta batez ere heriotzari zion beldurra kontatuko digute. Ingelesez filmatu eta Alemania, Austria eta Frantziako ekoizpena duen filma.
Alemania Ekialdeko izuaren diktadura burutsuki agertzen zigun “Barbara” filmari esker ezagutu nuen Christian Petzold zuzendaria. Berlineko zinemaldian zuzendari onenaren saria jaso zuen honi esker. Azken filma, “Phoenix“ filma, ekarriko du Donostira Urrezko Maskorraren bila. Aurreko pelikularen protagonista bera, Nina Hoss aktorea izango du antzeztaldearen buru. Konzentrazio-eremu batera eramandako emakume bat aurpegia desitxuratuta itzuliko da. Zirujano bati eskatzen dio lehenengo tankera bera jartzeko. Baina ez du espero duena lortuko.
Hautaketa honetan agian kuriosoena Bille August daniar beteranoa. Canneseko Urrezko Palma bitan jasota du “Pelle el Conquistador“ (1989) eta “Las Mejores Intenciones” (1992) filmegatik. Lehenak gainera Atzerriko Film Onenaren Oscarra eskuratuarazi zion. Azken aldian egindakoak baina ez du kritikaren oneritsia lortu. Donostian “Silent Heart“ familia batek jasan behar duen aukera zaila filmatzen duen pelikularekin lehiatuko da. Azken zinemaldietan beteranoek ematen duten ustekabeetako bat izango da? Hori irailaren 19tik 27ra ospatuko den zinemaldian ikusiko dugu. Datorren astean beste izenburu batzuk ezagutzeko aukera izango ditugu.
Please comment with your real name using good manners.