KRISTINA ZORITA. Cannesetik
Asteartean Cannesen Dardanne anaien edo Kawaseren eguna izan behar zen. Baina zalantzik gabe maisu baten azken lanak lortu du ohiartzun gehien. Nahiz eta Dardanne biek eta Kawasek lan oso itxurutsoak taularatu, Win Wendersek lapurtu die eskena. Sail paralelo batean, “Un Certain Regard” sailean, laugarrenez parte hartu du Wendersek. Oraingoan, Sebastiao Salgado argazkilariaren izaera eta lana erretatzen duen “Le Sel de la Terre“ filmarekin. Dokumentalak txalo zaparrada lortu du eman den saio bakoitzean. Argazkilari sozial modura ezagutu da urteetan Salgado, munduan gutxi ezagututako populazioak erretratu ditu. Baita XX. mendean izan diren gerren biktimak ere. Azken urteetan baina lurrean dauden leku birjinak, natura arakatzera jo du eta Brasilen, familiaren etxaldean, alor ihar bilakatutako hainbat hektaeretan arbolak landatu eta berriro landaretza lortu du. Salgadoren semearekin, Julianorekin, batera zuzendu du dokumentala Wendersek. Dokumental politikoa.
Baina gatozen nahiko maila ona izan duen sail ofizial egun honek eman duenera. Urrezko Palmondoagatik lehiatzen diren 18 zinegileetatik, bi bakarrik emakumeak dira. Bigarrena egun honetan taularatu da eta aurrekoaren zapore ona edo hobeagoa utzi digu. Cannesen ezaguna da Naomi Kawase japoniarra. Gehienbat dokumentalista den Kawasek 1997an Cannesen hasi berriak saritzeko ematen den “Urrezko Kamara“ lortu zuen, horrelakorik lortzen zuen zuzendari gazteena bilakatuz. Hamar urte beranduago, Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi duen “El Bosque del Luto” filmarekin. Aurten lehian aurkeztu duen “Still The Water“ filmarekin estiloz aldatzen du. Kawasek bizitza eta heriotzaren inguruko ipuin gustagarria egin digu. Txamanen, sakrifikatutako animalien eta itsaso bortitza baten erdian, bi nerabeak bizitzen ikasten dute. Askorentzat lehiaketan dagoen onena da. Beste batzuek baina handinahia deritzote.
Gauza bera gertatu da Dardanne anaien azken lanarekin. Krisiaren inguruan egindako westernarra, “Deux Jours, Une Nuit“ filma kritiko batzuen ustez, erraza, sinestezina eta errepikatzen dena da. Baina askoren ustez Urrezko Palmondoa merezi du. Lortu ezkero Jean-Pierre eta Luc Dardanne belgiarrak hiru aldiz irabazten duten lehen zuzendariak lirateke. Dardanne anaiek Marion Cotillard dute protagonista nagusi. Bera lana galtzeko bidean dagoen emakume depresiboa da. Nagusiarengana jotzen duenean honek erronka jarriko dio. Bozketa onartuko du. Emakumeak lankideak konbentzitu beharko ditu asteburuan zehar bere alde botoa ematearren. Erronka zaila du, bera ez kaleratzeko lankideek euren lan sari bat galdu bait behar dute. Gizona alboan duela egingo du. Hainbat momentutan Guedeguian ekarri dit gogora filmak. Une batzutan gorrotatu dut baina egin beharrekoa eta barrua mugitu dit lankideen arteko solidaritate eta lehiakortasuna gordina azalaratzen duen filmak.
Aipatutakoez gain, hiru izen propio aipatu nahi nituzke. Lehiaketaz kanpo Canneseko beste ohikoak izan dira asteartean hemendik: André Techiné eta bere azken filmaren “L’Homme qui aimait trop” protagonista, Catherine Deneuve. Hortaz gain, lehen filmak saritzeko ematen den “La Camera d’Or” hautagaia da Ryan Gosling aktore eta orain zuzendri kanadiarra. Bere lehen filmak “Lost River“ txaloak eta txistuak jaso ditu, erdibana. Eta zalantzik gabe, txalo zaparradak izango duena Sophia Loren aktoreak. Aurten 80 urte beteko dituen izar italiarrak asteazkenan eman behar du maisu eskola bat. Aurretik asteartean, semearen Edoardo Pontiren azkena lana, 25 minutuko “La Voce Umana“ film laburra aurkeztu du. Sophia Loren bera da Cocteauren bakarhizketaren moldaketa antzezten duena.
Please comment with your real name using good manners.