KRISTINA ZORITA. Cannesetik
Asteazkena Godarden eguna izan behar zen. Nouvelle Vagueren sortzailea eta zinema munduan apurtzailea izan den zuzendariari aukera berria eman dio zinemaldiak. Seitan parte hartu baitu Cannesen eta seitan esku hutsik joan da Jean-Luc Godard Kosta Urdinetik. Gainera 1968an zinemaldia geldiarazi zuen, Maiatzeko Iraultzaren erdian. Esan bezala, asteazkena Jean-Luc Godarden eguna zen, aukera berria eskaini dio zinemaldiak bere azken filma Urrezko Palmondoaren lehiakide eginez. Baina Godardek gonbidapenari muzin egin dio. Filma Cannesera bidali du baina bera etxean geratu da.
Godardek ez du nolanahikorik filma aurkeztu Cannesen. Bere “Adieu au langage“ (Hizkuntzari agur) hiru dimentsiotan ikusi behar genuela jakin bagenikien. Betaurreko bereziekin ikusteko prestatu eta ustekabea: 84 urteko zinegileak bideo artea egin du. Ordu ta hamar minututan lenguai guztiak – hizkuntzakoak, irudikoak eta muntaiakoak – apurtu ditu. Eta aldi berean, guztioi iseka egin digu: 3 dimentsioan filmatu ditu eguneroko bizitzako uneak, telefono mugikorren erabiltzaileak salatu, istorioa maitaleen istorio arrunta dirudi …. Azkenean, protagonista nagusi bere txakurra, Roxy da, askotan filmatu duen txakurra.
Godardek Cannes hankaz gora jarri du. Eta isekarekin jarraituz ostegunean estreinatu den proiektu batean egindako lana. I Mundu Gerraren eztanda gogoratuz, hainbat zuzendariei eskatu zitzaien Sarajevo gogoan hartuz film laburrak egitea. Filma “Les Ponts de Sarajevo“ da. Godard jaunak bere filmaren soberakinak erabili izan balu bezala ematen du. Zalantza sortu zait baina: zer izan zen lehenago Cannesen aurkeztutako film luzearen ideia edo film laburra? Ezin galdetu, ez baitugu gurean izan.
Sail Ofizileko beste lehiakidea ere frantsesa genuen. “The Artist” filmarekin Oscarra irabazitako Michel Hazanaviciusek bere azkena aurkeztu du. Berenice Bejo emazteak antzezten duen “The Search“ Txetxeniako gerran girotua dago. Errusiarrek gurasoak hil ondoren, ume batek ihesi egiten du anai txikia besotan duela. Anaia baina utzi beharko du eta nazioarteko erakundeak dauden hiri batera iritsiko da. Han Europako Batasuneko funtzionario baten etxean sartuko da. Emakumea Europak gerra hori geldi dezadan saiatuko da. Bitartean, mutikoaren arreba honen bila arituko da. Hori pelikula bat litzateke berean. Baina Hazanaviciusek beste trama bat sartu du: soldadu egitera behartutako errusiar gazte baten entrenamendua.
Zuzendariak dio 1948ko pelikula batek inspiratu zuela: Fred Zinnermannen “The Search” (Los Angeles Perdidos). Baina galduta dagoena Hazanivicius da. Zinnermannen maisu lana kopiatu eta gainera gaizki egin. Zertarako? Eta zertara dator bigarren trama? Soldaduen entrenamenduen baldintza gogorrak agertu nahi baditu zergatik pelikula honetan sartu? Zergatik ez egin beste bat? Cannesen aurkeztu duen “The Search” guztiz porrot egindako pelikula da.
Lehiaketan beste bi geratzen dira. Bihar gazte bat, 25 urte dituen Xavier Dolan kanadiarra eta zinemaldiko ohikoa den adinekoa, Ken Loach izango ditugu norgehiagokan.
Please comment with your real name using good manners.