9 film eta 5 zuzendari. Horiek dira lehiakideak. Film onenaren Oscar saria jasotzeko bederatzi proposamen daude, azken urteetako erabaki bat da. Bost izaten dira lehiakideak zuzendari onenaren sailean. Aurten film onenaren sarirako bederatzi proposamen hoietatik bosten kasuan, euren zuzendariak ere proposatu dituzte. Horrek hau bezelako zerrendagilearen lana errazten du. Hauek beraz gaur sari potoloa hartzeko proposatutakoak:
Hamarna sari proposamenekin faboritoak “Amerikar Iruzur Haundia“ (American Hustle) eta “Gravity“ dira. Lehenengoan poliziarekin lan egitera behartutako iruzurgile bikote baten piurak ikusiko ditugu. Sari nagusietarako dago proposatua: filma eta antzeztalde nagusi osoa daude proposatuak daude besteak beste. David O. Russellek idatzi eta zuzendu du komedia hau eta horri esker bi sailetan izendatu dute. Hirugarren urtez lortzen du Oscarrerako proposamena.
New Yorkekoari itzel eginez, Alfonso Cuaron mexikarra adi jarraitu beharko da gaur ere. Bizitzan noraezean dagoen austronauta zientzilari bat erretratu du Cuaronek, istripu baten ondorioz espazioan noraezean geratzen dena. Hiru dimentsiotan egindako filmaren gidoia Cuaronek idatzi zuen semearekin baina Akademiak ez du proposatu. Cuaron bera hiru sailetan dago izendatua: pelikula onena, zuzendari onena eta muntai onena. Filmak 10 sari proposamen ditu. Teknikoak berak irabaziko dituela espero da.
Aurrekoen lehiakide indartsu da “12 urteko esklabotza“ (12 years an Slave). Bederatzi izendapen ditu esklabotzaren nahiko ezezaguna den istorioa azaleratutako pelikulak. Libre jaio baina esklabo saltzen duten beltz baten piurak kontatzen ditu Steve McQueenen hirugarren luzeak. Estreinekoz Oscarren lehiaketan, artista britaniarra zuzendari onenaren saria jasotzeko proposatu dute. Berak ere filma ekoiztu duenez, sari potoloa, film onenaren Oscarra jasotzera taula gainera igotzeko aukera asko ditu gure goizaldean, BAFTA, Urrezko Globoa eta atzo Spirit Award, zine independientearen saria jaso ondoren.
Zuzendari onenaren saria jasotzeko proposatutako britaniar bakarra da aurten. Film onenaren lehian dauden “Phillips Kapitaina“ eta “Philomena“ pelikulek ez baituzte euren zuzendariak hautatuen zerrendan sartu. Paul Greengrassek oso maite du medioetan dauden gaiei heltzea. Oraingoan ere horrelako gaia hartu du. Indikoan somaliar piraten bahiketa bat filmatu du, “pirata berriei buruzko lehen filma“, publizitateak zioen bezala eginez. Irailaren 11eko atentatu bateko inguruko filmak, “United 93” filmak balio izan zion britaniarrari duen Oscar sarietako proposamen bakarra. Aurten ez da zuzendarien onenean lehian sartu. Bere filmak baina sei izendapen ditu.
Bi izendapen ditu Stephen Frears britaniarrak. Baina aurreko pelikula batzuengatik. Ez aurten aurkezten duten “Philomena” filmagatik. Hau ere aktualitatearekin lotuta. Steve Coogan aktoreak Irlandako haur lapurtuen afera azalaratu zuen istorioari heldu dio. Langabezian utzi duten eskarmentu handiko kazetari batek duela 50 urte haurra lapurtu zioten emakume bat ezagutuko du. Berarekin haurraren bila joango da. Trajikomedia bat da, ironia eta une dramatikoak ederki orekatzen dituena. Film onenarako proposatu duten pelikulen artean sari proposamen gutxien du luzeak, lau ditu, besteak beste, Philomena ederki antzezten duen Judi Dench britaniarra.
Kanpoan geratu da baita “Dallas Buyers Club“ filma zuzendu duen Quebeceko Jean-Marc Vallée. Ez dute proposatu zuzendari onenareko. Muntaia sailean du proposamena. Ihesadun gaixoei laguntzeko botika merkeak lortzen saiatuko den langile eta cowboy baten istorioa kontatzen digu filmak. Sei proposamen ditu, besteak beste, Matthew McConaughey eta Jared Leto aktore nagusi eta antzeztaldeko aktore onenaren sailetan. Eta hauek saria jaso eta jaso ari dira. Azkenak sail berean, Spirit Award saria jaso dute bart Santa Monican.
Zuzendari onenaren sarirako lehiakide zerrendatik kanpo utzi dute Spike Jonze. Ez dago sail horretan, baina beste hiru sailetan lortu du izendapena. Amodio birtual baten inguruko filma, “Her“, idatzi eta ekoiztu du eta bertako abesti baten letrak sortu. Ondorioz, gidoi onena, film onena eta abesti onenaren sailetan lehiatuko da Jonze. Osotara bost proposamen ditu filmak.
Sari proposamen kopuru bera ditu “Wall Streeteko Otsoa“ filmak. Iruzurreko sistema bati esker gehiegikeriez betetako bizitza eraman zuen finantzieron baten benetako istorioa filmatu du Martin Scorsesek. Honekin zortzi aldiz proposatu dute handien artean dagoen zuzendaria. Batean irabazi du. Dena den, aurten film honek duen aukera nagusiena Leonardo DiCaprio aktorea omen da.
Oscar sarien zeremonietara ohituta dago Alexander Payne gidoilari eta zuzendaria. Bi aldiz irabazi du Oscarra bere gidoiei esker. Aurten beste baten gidoia filmatu du eta zuzendari onenearen sarirako proposatu dute. Bere filma “Nebraska“k aita-seme baten bidaia kontatzen digu. Aitak loteria irabazi duela sinistuta bidaia egin nahi du, Nebraskara, aldameneko estatura. Semeak lagunduko du gogoz kontra baina horrela aita eta familiaren historia ezagutzeko aukera izango du. Zuribeltzean filmatua Cannesen estrenaitu zuten. Orain ikusgai gure zine aretoetan “Nebraska”k sei proposamen lortu ditu.
Please comment with your real name using good manners.