Ez dute Oscarrak duten sona haundia. Ibilbidea motzagoa dute. Baina askorentzat benetazko zinema saritzen dute. Gaur gauean Kalifornian, Santa Monican, Spirit Awards sariak, zine independientearen sariak banatuko dira. Eta 28. edizio honetan, nafar bat igo daiteke eskenategira. Etxarriko Maite Artiedak “Una Noche” filman parte hartu du. Berak ekoiztu du Kuban filmatutako istorioa. Uhartetik ihes egin nahi duen gazte baten eta bere lagunaren istorioa kontatzen digu. Lagunak berarekin joan nahi du baina arreba zaindu behar du aldi berean. Lucy Mulloyk zuzendu duen filma lehen film onenaren sailean eta muntai onenaren sailean lehiatzen da.
Maite Artieda Kalifornatik erantzun digu. Oso pozik dago “esperientzia zoragarria da eta benetan hunkitua nago” dio. Eta gaineratu du “baina ez bakarrik egun hauetan, proiektu honi esker bizi izandakoa: bi urte Kuban bizitzea, zinemaldietako ibilbidea, etab“. Izan ere, filma duela bi estreinatu zen Berlinalen eta handik ezkeroztik hamabost bat zinemaldietan parte hartu du. Tribecan, New Yorkeko zinemaldi independientean, hiru sari jaso zituen. Komunikabide orokorretan atera ziren: bi aktorek babesa eskatu baitzuten Estatu Batuetan filma New Yorken aurkeztu ondoren. Sariak eta batez ere, Sprits Awards sarieetarako proposatuak egoteak, urte hauetako lanari errekonozimendua da, Artiedaren iritziz. “Hasieran, Kuban gauzak ondo ateratzearen zain geuden eta orain hemen gaude … ” gogoratzen du.
Pelikula 2008an hasi zen filmatzen. Maitek Londresen marketing enpresa batean lanean zegoela jakin zuen proiektuaren berri. “Lucy (Mulloy zuzendaria) jende bila zegoela ikusi nuen, deitu eta hainbat elkarrizketaren ondoren berarekin joan nintzen Kubara” esaten digu. Zuzendariaren lana goraipatu nahi du: “Ez genekin noraino hel zezakeen filmak baina bagenekien Lucyk istoria eder bat idatzi zuela eta abila dela irudiekin jendea harrapatu ditzakeen istorioak kontatzen“.
Kuba, Britania Haundia eta Ameriketako Estatu Batuetako koproduzio bat da “Una Noche” filma. Azken herri horretan iaz, abuztuan estreinatu zen filma. “Spike Leeren laguntza izan genuen. Sorreratik ezagutu du pelikula eta aurkezteko zuela agindu zigun” dio. Zuzendariaren irakasle ohia da Spike Lee. “Urtearen amaieran Frantzian eta Alemanian estreinatu zen“. Eta Espainian? “Apirilaren 4ean, esan berri dit banatzaileak“. Espero dezagun Spirit Award bat edo pare bat jartzeko aukera izatea izenburutan.
Please comment with your real name using good manners.