Sariez betetako asteburua dugu. Igandean Oscarrak banatuko dira, bihar Spirits, zinema independientearen sariak, eta gaur gauean Cesarrak. Frantziako zinemaren sarien 39. edizioko gala Cecile de France aktore belgikarrak aurkeztuko du.
Takilan arrakasta izan ondoren, “Guillaume eta mutilak mahaiara“ (Les Garçons et Guillaume, à table) luzemetraiak sari proposamen gehien ditu. Hamarproposamen eskuratu ditu, besteak beste, pelikula, zuzendari, aktore eta lehen pelikula onena saileetan. Guillaume Gallienne aktorea orkestra gizona da zuzentzen duen lehen film honetan. Bere bizitzaren pasarteak kontatzen duen gidoia idatzi du eta bi paper egiten ditu: berarena eta bere amarena. Amak Guillaume beti tratatu du izan ez duen alaba modura. Canneseko sail paralelo batean aurkeztu zuten eta saria lortu.
Canneseko irabazle nagusiak, “Adèlen bizitza“ filmak zortzi proposamen ditu. Besteak beste, film onena eta zuzendari onenaren saria jasotzeko lehiatuko da Abdellatif Kechiche argeliarra. Emakumezko aktore onenaren saria jasotzeko aukerak ditu Léa Seydouxek. Lehiakide gogorra du baina: Emmanuelle Seigner, Polanskiren “Larrutako Venusa” filman zoragarri dagoena. “Adèlen bizitza”ko beste aktore nagusia, Adèle Exarchopoulos, aktore berri onenaren sailean izendatu dute.
“Adèlen bizitza”k polemika sortu zuen bi emakumeen maitasun istorioa kontatzen baitu eta sexu eskenak luzeak baititu. Eztabaida handiagoa sortu zuen sarietan beste lehiakide indartsu batek, “Aintzirako Ezezaguna“ (L’inconnu du lac) filmak. Alain Guiraudie zuzendariak thriller gay bat egin du, sexu esplizitoarekin. Canneseko beste sail batean estreinatu zuten eta saria lortu. Zortzi sarieetarako proposatuta dago.
Eta atzerriko film onena saria eskuratu dezake Pablo Berger bilbotarraren “Blancanieves” filmak. Aukera gutxi ditu egia esan “Blue Jasmine”, “Gravity” eta “La Grande Bellezza” baitaude sail honetan zazpi izendatuen artean.
Please comment with your real name using good manners.