Espainako Zine Akademiak gaur banatuko ditu bere Goya sariak. Montoro ministroari erantzunez edo, horrela “espainiar zinemaren kalitatea” ospatuko du akademiak, web-orrian datorrenez. Principe Felipe kongresu jauregian egingo den emanaldi horretan euskal ordezkariak ere izango dira.
Goyako eskenategira bitan igo daitekena Koldo Zuazua ekoizle donostiarra da. Espainiako ekoizle inportanteena bilakatzen ari dena produkzio zuzendaritza sailean izendatua dago “Zipi y Zape y el club de la cánica“ filmagatik. Oskar Santos bilbotarraren filmak beste hiru aipamen ditu. Zuazuaren ekoizenetxeak, Kowalski Films ekoizetxeak, “La Herida” filma produzitu du beste hiru konpainiarekin batera. ETBren partaidetza duen luzea film onenaren Goyagatik lehiatuko da. Jaso ezkero, Koldo Zuazua eta beste ekoizleak igo beharko dira taula gainera margolariaren iruditxoa jasotzera.
Iazko pelikula izan behar zen. Alex de la Iglesia bilbotarraren “Las Brujas de Zugarramurdi“k takilan arrakasta lortu du. Goya sarien proposamenetan ere 10 lortu ditu. Baina ez handien artean. De la Iglesia eta bere pelikula ez dira zuzendari onena eta film onenaren sarietarako hautagaiak. Hamar izendapen horietan baina euskaldun batzuk ditugu. Zuzendaritza artistiko sailean Jose Luis Arrizabalaga zegamarra proposatu dute. Jada 1995an lortu zuen Alex de La Iglesiaren beste pelikula batekin: “El Día de la Bestia”. Kiko de la Rica bilbotarra argazki sarirako proposatuta dago. “Blancanieves”en Goya lortu zuen de la Ricak.
Aukera handiagoak daude film laburretan. Dokumental laburretan lau sari proposamenetatik bi nafarrek eginak dira. Iruñan jaiotako Iosu Lopez kazetari, dokumentalista eta telebista erreportari freelancea Mumbaira joan zen aktore izan nahi duen neskato txiro baten istorioa kontatzera. Bere dokumentala “La Alfombra Roja“ zinemaldi askotan parte hartu eta saritu ondoren, dokumental laburren sailean lehiatuko da.
Raul de la Fuentek Bolivian hiru emakume mehatzari grabatu zituen. Euren beldurrak, euren bizimodua erretratu zuen ordulaurdeneko dokumental batean. Amsterdamen, IDFAn, ikusteko aukera izan genuen “Minerita“ dokumental laburra. Bera ere Madrilen otsailaren 9an izango da Goyaren zain.
Fikziozko film laburretan bost daude proposatuta. Horien artean bi bilbotar daude. Gaizka Urresti Kongresu Jauregiko armailetan adi egongo da. .Bere “Abstenerse Agencias” proposatu dute. Asuncion Balaguer aktore nagusi duen filmak 11 sari baino gehiago lortu ditu hainbat zinemaldietan.
Bere hurbil beste bilbotar bat. Sari batzuk irabazi du “De Noche y de Pronto“ filmak. Arantxa Echevarria zuzendari bilbotarrak izendapena lortu du horrekin. Estrainekoz.
Please comment with your real name using good manners.