Beste sail askotan bezala, hautagaiak ez dira lau. Akademikoek bost film dituzte 2013ko Espainiako pelikula onena zein den zehazteko. Zeinek eraman behar duen Goya nagusiena. Eta horietatik bi Donostian filmatu dira.
Maribel Verdu lan bila dagoen aktore alargun bat da “15 Años y Un día“ filmean. Amarekin eta semearekin bizi da Donostian. Seme nerabeak arazoak ematen dizkio eskolan eta bere aitarengana, mutilaren aitonarengana bidaliko du. Berau Espainia hegoaldean bizi den komisario jubilatua da. Espainiak Oscar sarietara bidali zuen Gracia Querejetaren film hau. Ez zuen finalera pasa baina hemen dugu Goya sarietan pelikula onenaren sariaren bila.
Manuel Martín Cuencak Donostiako zinemaldian aurkeztu zuen “Canibal“ filma. “Zer gertatuko litzateke deabrua maiteminduko balitz” ideiari heldu nahi izan dio. Deabrua Granadan bizi den jostun bat da. Erakargarri zaizkion emakumeak hil eta jaten ditu. Maitemintzen den arte. Filma zoragarri iruditu zitzaigun zinemaldian. Barruak nahasten dituen horietakoa da eta Antonio de La Torre aktorea paregabe ari da.
Hollywoodeko Urrezko Garaiko musikal klasiko bat, “Zazpi emaztegai zazpi anaientzat” omendu du Daniel Sanchez Arevalok bere “La Gran Familia Española“ filmean. Musikalean bezala, Sanchez Arevalok bost anai alfabetikoki, bibliatik tira eginez, bataiatu ditu. Gazteena ezkontzera doala semeak eta gurasoak elkartzen dira. Hain justu, Espainia Hegoafrikako mundialaren finalean aritu behar den egunean ezkondu gainera. Komedia gustagarria egin zitzaigun.
Donostiako Zinemaldian ere ikusmin handian sortu zuen “La Herida“ filmak. Fernando Francoren lehen pelikula arriskutsua da. Plano ia guztitan protagonista, gaixotasun psikologiko bat duen emakumea azaltzen da. Donostian filmatutako luzemetraiak kutsu klaustrofobikoa du horrela. Marian Alvarezek egiten du gaixoarena. Maisuki gainera eta horregatik Zilarrezko Maskorra lortu zuen Donostian eta kiniela guztietan dago Goya sarietarako ere. Koldo Zuazua donostiarrak ekoiztu duen filmak bost finalisten artean lekua hartu du. Ustekabea emango al du?
1966an John Lennon Malagara joan zen pelikula bat filmatzera. Beatlesen kide horren bila joan zen Murtziako ingeles irakasle bat. Pasadizo hori hartuta David Truebak “Vivir es Fácil con Los Ojos Cerrados” idatzi eta filmatu du. Donostiako zinemaldian estrainatu zen hau ere. Komedia dibertigarria, arriskurik gabea, publikoak maite dituen horietakoa. Kiniela askotan dago.
Please comment with your real name using good manners.