Ez da oso ohikoa izaten. Oraindik ere zuzendaritza gizonezkoen eremua dirudi Espainiako zineman. Baina igandean, zuzendari onenaren Goya saria jasotzeko, emakume bat lehiatuko da hiru gizonen kontra. Elías Querejetaren alaba, Gracia, arituko da bere belaunaldiko beste hiru gizonen aurka.
Gracia Querejetaren aita duela gutxi zendu zen. Horregatik “aitari Goyaren bat eskaini nahi nioke” esan berri du zuzendari madrildarrak. Bi aukera ditu. Querejeta zuzendari onenaren sarirako proposatu dute, eta bere “15 años y un día“ filma pelikula onenaren sarirako. Ez da lehenengo aldia izango. 1991an bere film labur bati esker Goya saria jaso zuen. Eta beste bi film luzeei esker zuzendari onenen sarietarako proposatu zuten.
Gracia 2005an ere izendatu zuten, beste zuzendari askorekin egin zuen “Hay Motivos” dokumentalagatik. Proiektu horretan zegoen David Trueba ere. John Lennonen bila doan irakasle baten istorioa, benetan gertatutakoa, filmatu du madrildarrak “Vivir Es Fácil Con Los Ojos Cerrados“ pelikulan. Filmak zazpi sari-proposamen ditu. Besteak beste, zuzendaritza onena eta gidoi onena, kasu bietan David Trueba proposatu dute. Truebaren gidoi bat proposatzen duten hirugarren aldia da. Zuzendari onenaren sarirako beste behin proposatu zuten.
David Truebaren pelikulak 7 proposamen baditu, beste bat gehiago, 8 ditu Manuel Martín Cuencaren “Caníbal“ pelikulak. Malagarrak ohikoak dituen plano zabalak, artistikoak erabili ditu honakoan. Zuzendari onenaren sarirako proposatu dute. Trueba bezala, Cuencak Alejandro Hernandezekin batera egindako gidoia ere proposatu dute. Duela 10 urte Cuencaren gidoi bat proposatu zuten.
Sari-proposamen gehien “La Gran Familia Española“ filmak ditu. Hamaika osotara. Eta horien artean dago Daniel Sanchez Arevalo zuzendariarena. “Azuloscurocasinegro” eta “Gordos” filmeetan izena lortu zuen madrildarrak.
Nork irabazi beharko luke
Graciaren nahia edo beteko dute akademikoek eta Querejeta omentzeko saria emango diote? Hori diote apustuek. Baina pelikula txepela da guztiz. Pelikula suabea, atsegin horietakoa da “Vivir Es Fácil Con los Ojos Cerrados”. Ez zaigu pelikula onena iruditzen baina David Truebak erreza egiten du, agian gidoigintzan duen doaiagatik, baina zuzendari onenaren saria jasotzeko hautagai ona da. Bera edota Manuel Martín Cuenca. Kasu honetan baina “Canibal” bozkatuko bagenuke pelikula onenerako.
Please comment with your real name using good manners.