Bost egunen ondoren, arratsean eman dira ezagutzera FIPAren 27. edizio honetako sariak. Biarritzen ikusentzunezko ekoizpenen zinemaldiak Europako produkzioak saritu ditu eta horien artean asko zineman, pantaila handian aritzen dira. Eta beste ezaugarri bat: gazteen gaiak eta errealitatea izan dutela islada handia sarietan.
Fikzioan, sari nagusia, Urrezko FIPA, hiru ataleko serie frantzia batek jaso du, “3xManon“ seriak. Jean-Xavier de Lestrade zuzendariak jada beste bitan Urrezko FIPA jasota zuen dokumental sailean. Serieak Manon nerabea du protagonista. Berau ama labanez eraso ondoren gaztetxoen gartzela batean jartzen dute. Eremu horretan nola egiten dio aurre du gaitzat seriak. Frantziako iparraldeko gazte taldetxo bat jarraituko du saria jaso duen “Chante ton bac d’abord“ filmak. Urrezko FIPA sormen dokumental sailean jaso duen ekoizpen honek musika eta gaztetxoen eta euren gurasoen nahiak eta errealitatea nahasten ditu. Kuriosoa iruditu zait eta publiko zabala erakarri dezakeena. David André zuzendariak media askorekin egiten du lan, besteak beste, informazioa beste era batera egiten duten medioekin.
Zineman askotan ikusi ditugun aktoreak saritu dituzte fikzioan. Gizonezko aktore onena Eduard Fernandezkatalanak jaso du. Pere Casaldaliga misiolari famatuaren paperagatik eman diote. Oriol Ferrer telebistako zuzendari ezagunak zuzendutako “Descalç en terra vermella” ekoizpenak ere musika onenaren FIPA jaso du. Kasu onetan, David Cervera valentziarra. Emakumezko aktore onenaren FIPA saria Emily Watsonek jaso du. Besteak beste, Lars Von Trierrekin lan egin duen eta egun hauetan pantailan handian ikusi dezakegun aktorea politikari baten emazte politikaria da “The Politician’s Husband“ miniserian. Fikzioan gidoi onenaren saria Britta Stöckle alemaniarrak lortu du “Pass gut auf ihn auf“ lanagatik.
Serietan ere zineman ezagunak diren izenak saritu dituzte. Bi serie, “Peaky Blinders“ britaniarra eta “Arvingerne“ daniarra banatu dira sail honetako iruditxo guztiak. Pernilla August aktore suediar ezagunak familia eta oinordetza istorio bat zuzendu du Danimarkan. Serieak Urrezko FIPA jaso du eta Maya Ilsøe bere gidoilariak gidoi onenaren saria. Serie britaniarrak ordea, aktore eta musika onenaren sariak eskuratu ditu. Cillian Murphy aktore irlandarra serietan gizonezko aktore onena eritzi diote eta bere antzezkidea, Helen McCrory ingelesa berriz, emakumezko aktore onena. Serieko soinu banda, Martin Phippsek egina musika onena izendatu dute.
Europako nagusitasuna azpimarratuz, geratzen diren sailetan, erreportaia eta ikuskizun eta musika dokumentalean ere zuzendari europearrek jaso dituzte Urrezko Fipak. Erreportai sailan “Congo Business Case“ holandarrak lortu du sari nagusia. Hans Bouma errealizatzailearen lehen luzea da. Ikuskizun eta musika dokumentalean John Bridcut errealizadore ezagunaren jakintasuna saritu dute. Colin Davis orkestra zuzendaria filmatu eta elkarrizketa zuen honen heriotza aurretik. Horren emaitza saritutako “Colin Davis in His Own Words“ dokumentala da.
FIPASaritutako filmak bihar, igandean, ikusiko dira berriz. Horrela amaituko da Biarritzeko jaialdiaren 27. edizio hau.
Please comment with your real name using good manners.