FIPA, Biarritzeko ikusentzunezko programen jaialdia martxan da. Atzo hasi zen Brasilgo musika ezagunenaren, sambaren inguruko dokumental batekin. Brasil da aurten herri gonbidatua. Potentzia bilakatzen ari den Hegoamerikako herri honetako lau dokumental emango dira saio berezietan. Batetik Amazonian urrea ateratzen ari diren garimpeiroen egoera islatzen du “Serra Pelada – A Lenda da Montanha de Ouro“ dokumentalak. Bestetik, favela bateko dantzari gazte batzuk duela hamar urte eta orain grabatu dute eta “A Alma da Gente“ filma proposatu. Brasilgo pasioa, futbola, jasotzen da “Fla x Flu“ dokumentalean. Eta diktaduraren biktima baten nondik norakoak hurbilduko dizkigu bere ilobak, Mariana Pamplonak, “Em busca de Iara“ dokumentalean.
Sarajevon, 1914ko ekainaren 28an, bosniar independista batek Austriako enperadorearen oinordekoa hil zuen tiroz. Erasoa ordurarte izandako gerra lazgarriena pizteko aitzakia izan zen. Zortzi miloi terdi lagun hil ziren lau urteko gerran, horietatik, 6000 Ipar Euskal Herriko herritarrak. Gerra hori lotutako lau ekoizpen emango dira saio berezietan eta beste laugarren bat, sail ofizialean, baina lehiaketaz kanpo. Jada ARTEn emango berri dute “Juste Avant L’Orage“ dokumentalak gerra eztanda aurretiko egoera laburbilduko du. Gerrako insumisoen gaia hurbilduko digu “14-18 Refuser La Guerre“ luzeak. Belgiar batzuek gerra horretako fronte osoa, Belgikatik Turkiara egin dute, oinez 80 egunetan eta hori jaso dute “En Guerre“ dokumentalean. Lehiaketaz kanpo, beste serie bat emango dute. Gerra horretako 14 lagunen egunkari intimoei helduta animazioa eta fikzioa nahastuz osatu dute “14, des armes et des mots“ atalkako ekoizpena. Azkenik gerra hori telebistan nola kontatu aztertu da ezbai batean.
Saio berezi batean “In Vlaamse Velden” (Flandriako zoruetan) seriaren atal bat jarriko dute. Lehen Mundu Gerran Alemaniak okupatutako Belgikan bizi den familia baten inguruko seriea Jan Matthys zuzendariaren azken lana da. Matthys belgiar zuzendari arrakastatsua da, dokumental eta serien zuzendari goraipatua. Besteak beste, 2009an bere “L’empereur du gout“ dokumentalak Urrezko FIPA irabazi zuen. Gaur Ohorezko FIPA emango diote eta ondoren jarriko dute seriaren atal hori.
Aurten ere Europan izan den azkenetariko gerra piztu zela gogoratzen da. Bosniako gerra bigarren urtean zegoen duela 20 urte. Gerra horretan umeak izan ziren lau gazteren oroitzapenak bildu ditu Virginie Linhart zuzendariak “Sarajevo, des enfants dans la guerre“ dokumentalean. Gero zuzendariarekin solasaldia antolatu dute FIPAn.
Please comment with your real name using good manners.