Hiru aste geratzen direnean, A saileko urtean egiten den lehen zinemaldia, Berlinale, hasteko jakin berri dugu zeintzuk izango diren epaile zorrotzak. Lehiaketa nagusian ebazpena emango duen epaimahaia. Asia, Amerika eta Europatik etorritako zortzi zinegileak hauek dira.
Buru zine munduko hainbat lanetan aritu den James Schamus estatubatuarrra izango da. Berak produzitu zuen 3 Oscar irabazi zituen “Brokeback Mountain“. Horrez gain, Ang Leeren beste hainbat lan ekoiztu ditu, esaterako Berlinale irabazi zuen “El Banquete de Boda“k. Berarena da ere “La Tormenta de Hielo“ Leeren filmaren gidoia. Hortaz gain, Schamus irakasle da Columbian eta Good Machine eta Focus Features ekoizetxeetan ardura izan du.
Berarekin batera beste bi estatubatuar izango dira. Produktore ezagun baten alaba, Barbara Broccolik James Bonden pelikula asko ekoiztu ditu. Besteak beste, Sam Mendesek egin eta Oscar pare bat jaso zuen “Skyfall“ filma. Hortaz gain, dokumentalak, antzerki lanak eta telebista serieak produzitu ditu.
Ibilbide laburragoa baina etorkizun oparoa aitortzen diote Greta Gerwingi. Azken urteetako filmeetan agertu den aktorea, “Frances Ha“ luzean aktore eta idazle izan da eta Urrezko Globoetan izendatu dute.
Europatik aktore bi eta zine zuzendari bat izango dira Berlineko lehiaketarako filmak epaitzen. Trine Dyrholm aktore daniarrak Europa Iparraldeko zinema oparo horretako hainbat produkzioetan parte hartu du. Esaterako Thomas Vinterbergen “Celebration“ edota Susanne Bieren “In a Better World“ edota “Love Is All You Need“ luzeetan.
Michel Gondry frantziarrak telebista, publizitatean eta musika bideogile modura karrera egin ondoren zinemara egin du jauzia. Zuzendari, idazle eta ekoizleak lehen filma duela 12 urte aurkeztu zuen: “Human Nature“. Oscarra irabazi zuen “Olvidate de mí“ filmearen gidoiagatik.
Oscarra bitan etxeratu du Christoph Waltz aktore austriarrak. Quentin Tarantinok nazioartean ezaguna egin du. Zuzendariaren bi filmetan,“Malditos Bastardos“ eta “Django Unchained“en egindako lanegatik jaso du Hollywoodeko sari preziatu hori. Azken urtetan Roman Polanski, Terry Gilliam edota Tim Burtonekin egin du lan.
Hong Kongen jaiotako Tony Leung dugu asiar ordezkarietako bat. Wong Kar Wairen aktore kuttuna da. Besteak beste, Wong Kar Wairen “Chunking Express”, “Happy Together”, “2046” edo estreinatu berri duten “The Grandmaster“ dago. Wong Kar Waik zuzendutako “Deseando Amar“ filmeagatik Cannesen aktore nagusiaren saria jaso zuen. Txinako beste zuzendari askorekin egin du lan aktoreak.
Irango Mitra Farahani ezezagunagoa da publiko zabalerako. Margolariak eta zine zuzendariak hainbat dokumental egin ditu, besteak beste, Berlinalen dokumental laburren lehiaketan saria jaso zuen “Just a Woman“ filma. Iranen arte abstrakto eta expresionistaren artista baten inguruko dokumentala, “Behdjat Sadr: Suspended Time“ ere egin du.
Zortzi gizon emakume hauek film onenari ematen zaion Urrezko Hartza erabaki beharko dute. Eta Zilarrezko Hartzak zuzendari onena, gizonezko aktore eta emakumezko aktore onena eta gidoi onena zeinek hartu ebatzi. Epaimahaiaren Sari Nagusia eman beharko dute. Horretaz gain, bide berriak zabaltzen dituen filma saritu beharko dute eta teknika sailetan irudiak banatu.
Please comment with your real name using good manners.