Erregeak direla, San Sebastian eguna dela, laburra geratu zitzaien urtarrila Kresalakoei. Ondorioz, bi hilabeteko egitaraua bidali digu Donostiako zineklub zaharrenak. Egitarau ederra, zita garrantzitsuekin. Honako hauek.
Eta hasteko klasiko bat. 1965ko Veneziako zinemaldian FIPRESCI saria jaso zuen “Gertrud“ emango dute gaur. Emakume ameslari, letra larriz maitasunaren bila dagoen emakume baten erretratua dakarkigu Dreyer handiak. Filma aurkezteko Donostiako Zinemaldiako zuzendaria, Jose Luis Rebordinos, zine klub baten sortzailea berau ere, izango da 19:30tik aurrera.
San Sebastian eguna zitarik ez, eta hurrengoa urtarrilaren azken astelehenean izango da. Oskar Alegria Iruñatik etorriko da Iparraldean, Man Ray artistaren bila egindako bidaia ekartzeko. Artista estatubatuarrak Biarritz ingurutan pasa zuen denbora bat eta bertan film surrealista grabatu zuen. Horren bila egindako dokumentala da “Emak Bakia Baita“. Berau erakutsiko du Oskar Alegriak urtarrilaren 27an, Donostiako Zinemaldian estreinatu eta zinemaldi askotan ibili eta sariak jaso ondoren.
Javier Aguirreren maisulana omen da 2005 filmatu zuen “Dispersión de la Luz“. Albertiren poema bati irudia jartzen dio zuzendari donostiar adinduak. Film hau jartzeaz gain, zuzendariaren inguruan egindako film labur dokumentala ere emango dute: “Como empezar una película sobre Javier Aguirre“. Film labur honen zuzendaria, Antonio Pelaez eta Javier Aguirre bera izango dira filma aurkezten astebete beranduago.
Otsailaren 10ean, Matthias Schoenaerts aktore belgiarra ezagutzeko aukera eman zigun filma jarriko dute. 2012an atzerriko film onenarako Oscarretarako izendatu zuten “Bullhead“. Linburgeraz, Belgikako nederlanderaren dialekto batean filmatutako ganadu iruzurraren inguruko thriller poliziakoa da.
Astebete beranduago beste klasiko bat. 1941an Preston Sturges zuzendariak filmatu zuen “Sullivan’s Travels“. Filmak egunotako kazetaritza mota bat ekarri dezake burura. Izan ere, txiroen bizitza filmatu nahi duen zuzendari baten bidaia kontatzen baitigu, txiroen bizitza ezagutzeko dirurik gabe egiten duen bidaia. Veronika Lakeren film ezagunenetako da eta “Zinema Terapia Bezala” sailean emango dute. Gonbidatua Leila Govillard psikologoa izango da.
Eta klasikoen artean klasikoa otsaila bukatzeko. Alfred Hitchcockek zuzendutako lehen luzea: “The Pleasure Garden“. Film mutuak bi bikoteen arteko erlazioa kontatzen digu. Suspensearen maisuak soinudun zinema aurretik egin zuenez zuzeneko musika izango da Kresalaren emanaldian. Berau John Berkhout Oiartzungo taldeak egingo du.
Please comment with your real name using good manners.