Soka luzea ekartzen ari den filma da Lars von Trieren azkena. Sexuaren menpean dagoen emakume baten istorioa kontatzen du “Nymphomaniac“ pelikulak. Azken hilabetoetan asko idatzi da filmaren inguruan. Espainian Eguberri egunean estreinatuko da baina antza moztutako bertsioa izango da. Lehenengo zatiaren bost ordutako bertsio osoa, mozketarik gabe, Berlinalen, Berlingo zinemaldi entzutetsuan emango dute. Daniar zinegilearen itzulera zinemaldira izango da, 1984an “El Elemento del Crimen” aurkeztu baitzuen bertan. Ez dago argi baina Lars von Trier bera Alemaniako hiriburura hurbilduko den.
Horren berri emateaz gain, otsailaren 6tik 16ra izango den zinemaldiaren Sail Nagusiko lehen zazpi pelikula ere eman dira jakitera. Besteak beste, Alain Resnais frantziarraren azkena ikusteko aukera izango dugu. “Aimer, boire et chanter“ filma antzezlan batean dago oinarrituta. 91 urte dituen zuzendari honekin batera lehiatuko dira, Yannis Economides greziarra eta bere “Stratos“ filma, Yan Demange britaniarraren “71“ eta Dominik Graf alemaniarraren “Die geliebten Schwestern“. Ikusmina sortu du Claudia Llosaren partehartzeak. Perun jaio baina Espanian bizi den zuzendaria Berlinen lehiatzen da berriz “La Teta Asustada” filmarekin duela bost urte irabazi ondoren. Kanadan fimatutako “Aloft” pelikula aurkeztuko du, Jennifer Connelly eta Cillian Murphy protagonista dituenak.
Zinemaldia zabaltzen “The Grand Budapest Hotel“, Wes Andersonen azkena erakutsiko dute. Gerra arteko hotel ezagun baten nondik norakoak kontatzen digu eta aktore lanetan, besteak beste, Ralph Fiennes, F. Murray Abraham, Edward Norton, Mathieu Amalric, Léa Seydoux, Jude Law, Tilda Swinton eta Harvey Keitel daude. Lehiaz kanpo, George Clooneyk zuzendu eta antzeztu duen azken lana ikusteko aukera ere izango da. “The Monuments Men“ luzeak II. Mundu Gerran monumentuak babesten aritu zen armadaren unitate baten berri ematen digu.
Berlinaleren 64. edizioak gainera Ken Loach britaniarra omenduko du. Dieter Kosslick Berlinaleko zuzendariak esan duenez “Europako zuzendari handienetako da Ken Loach. Ia 50 urtetako ibilbidean, bideari eutsi dio berriztatuz. Jendearekiko eta horien arazoei interesa agertu du eta gizartearekiko jarrera kritikoa zinema egiteko era desberdinetan eman du. Hori umorez emanez gainera“. Horregatik Ohorezko Urrezko saria, bizitza osoko saria, emango diote.
Please comment with your real name using good manners.