Rodriguez de la Fuenteren seriea gustuko bazenuen, hau biziki maiteko duzu. BBCren, National Geographic-ren irudiaren kalitateak txunditzen bazaitu, honek aho bete utziko zaitu. Espainian egin den lehen natura film luzea da “Guadalquivir“. Arabiarren al-wadi al-Kabirtik, Ibai Handitik bidaia egiten duen dokumentala Sevillako Europako Zinemaldian estreinatu zen. Egunotan Donostia eta Bilboko areto komertzialetan dago.
Joaquin Gutierrez Acha naturalistak eta zinegileak ibilbide zabala du natura filmatzen. Gehienbat kanpoko telebista kateetarako lan egin du. Hemen kamara eta zuzendari lana egiten du ibaia garrantzi honetatik bidea egiteko. Sevillatik pasatzen den Guadalquivirrek Espainiako hiru natur gune garrantzitsuenak lotzen ditu: Cazorla, Sierra Morena eta Doñana. Ibaiaren sorlekuak, Cazorla eta Segura, udazkenean filmatu dituzte. Mendate horietan erret arranoa, oreina eta mendi ahuntza dira nagusi. Neguan, Sierra Morena ikusiko dugu. Lertxun, saia eta katamotzen paradisua. Doñana, udaberrian eta udan agertuko zaigu, ederra, dunetan Europako biodibertsitate handienarekin egingo dugu topo.
Dokumentalaren beste protagonista Estrella Morente da. Kantariak ahotsa jarri dio filmari. Berak kontatzen digu, bere andaluziar doinu horrekin, irudiek kontatzen ez dutena, off ahotsa jartzen du. Hortaz gain, berak idatzi eta abesten du filmaren kanta nagusia: “Oh, Guadalquivir“. Guk Sevillan ikusi genuen eta pantailari itsatsita geratu ginen. 2 miloi euro kostatu da, baliabide tekniko ikusgarriak ditu. Guztiz gomendagarria benetan.
Please comment with your real name using good manners.