Larunbatean izango da. Baina askok jakin ez edo jarraitzeko gogorik ez. 26. edizioa du Europako Zinemaren Sarien ekitaldiak baina oraindik industria eta publiko askorentzat ez du behar lukeen ospea eta garrantzia. Hori eta izendapenei erreparatu ezkero oso zine ona egin dela azken bi urte hauetan konturatzen bagara ere. European Fim Academyk Berlinen emango dituen sari horiek jasotzeko hautagaiak aipatu nahi ditu. Ekitaldi horren bezperan aktoreak aipatuko ditugu.
Gizonezko aktore onena
Itzel dago Jude Law “Anna Karenina“ren azken bertsioan. Emazteak, Anna Kareninak, tronpatzen duen konte errusiarra da Law. Eta kontentzioz, eutsiz, heltzen dio paperari. Eutsi ere, pelikula guztian bere burua eusten duena Toni Servillo da. Paolo Sorrentinoren aktore fetitxea bilakatu da eta frakasatu duen idazle bon vivant eta Erroman zehar gidatu gaituen gidari axolagabea da “La Grande Belleza“ filmean. Maisuki ere Fabrice Luchini nerabe ikasle batek liluratuko duen irakaslearena egiten, “Dans La Maison“en.
Oraindik Espainian ez dira komertzialki ikusi “Oh Boy“ alemaniarra eta “Alabama Monroe“ belgikarra. Alemaniarraren protagonista Tom Schilling izendatu dute gizonezko aktore onenaren sarirako. Eta belgikarraren aktore gizonezko protagonista Johan Heldenbergh ere.
Emakumezko aktore onena
Jatorrizko izenburua “The Broken Circle Breakdown” duen filmak. Frantzian jada eman duten pelikulak bikote baten epe desberdinak deskribatzen ditu eta nola egiten dioten aurre krisi garrantzitsu bati, hori bai, bikotea country kantariak izaki, musika hori du aktore nagusi bat ere. Emaztearena egiten duen aktoreak, Veerle Baetensek ere izendapena lortu emakumezko aktore onenaren sarirako. Europako sarietan pelikularen arrakasta aipatzekoa da. Zuzendari eta film onenaren sailetan ere izendapena lortu baititu, osotara lau nagusietan lehiatzen da.
“Anna Karerina“ren emakumezko aktore protagonistak, Keira Knightley ere izendatu dute, bere kide Jude Law gizonezkoetan bezala. Beste hautagaiak: Naomi Watts tsunamia jasan zuen emakumea gorpuzteagatik “Lo Imposible“n, Fassbinderren aktorea izan zen Barbara Sukowa sendoa “Hannah Arendt“ filosofoa pantailaratzen egindako lanagatik eta Errumaniako zineman jada ospea duen Luminita Gheorghiu aktorea “La Postura del Hijo“n dirua duen ama babeslea egiteagatik.
Bihar, Berlinen, Europako hainbat izar izango dituen ekitaldian, jakingo da nor den garaile.
Please comment with your real name using good manners.