Europako Zine Sarien 26. edizioa jatorrira itzuliko da gaur. Berlinen, Europako Zine Akademiak egoitza duen hirian, emango baitira aurtengo sariak, gerra osteko Haus der Berliner Festspiele antzokian. Berlinaleko lekuetako batean. Ekitaldiak kutsu espainola izango du, Espainiatik joandako aktore asko izango baitira: Elena Anaya, Carlos Areces, Raúl Arévalo, Javier Cámara, Rossy de Palma, Hugo Silva, Miguel Ángel Silvestre, Blanca Suárez, Paz Vega and Leonor Watling. Gehienak Pedro Almodovarren azken pelikulan “Los Amantes Pasajeros“ agertu direnak. Almodovarrek bizi osorako saria jasoko du, Catherine Deneuvekin batera. Eta bere pelikula aurten sortutako komedia onenaren sailean lehiatzen da.
Berlinen izango da baita Pablo Berger. Bilbotarra zuzendari onenaren sailean lehiatzen da. Bere “Blancanieves” filma ere urteko pelikula onenareko izendatu dute. Ez da bi sail nagusitan lehiatzen den pelikula bakarra izango. Film onenaren saria lortzeko bidean dauden sei pelikuletatik bost zuzendari onenaren sailean ere lehiatzen dira. Izendatutako bikoteak hauek dira: Abdellatif Kechiche eta bere “La Vie d’Adele“, Felix van Groeningen eta “Alabama Monroe“ belgikarra eta Italiako bi pelikula: Paolo Sorrentino eta “La Grande Belleza“ eta Giusseppe Tornatoreren “La mejor Oferta“. Uzta ona dudarik gabe. Gehiago gustatu zaizkit italiarrak, baina askoren ahotan, Canneseko irabazlea, “La Vie d’Adele” jotzen da hautagai nagusi bezala.
Urteko film onenaren sarirako Jan Ole Gerster sartu da bere lehen pelikularekin, “Oh Boy“ filmarekin. Filmak “La Grande Belleza“rekin harreman txiki bat du. Italiarrean Erroma baita protagonista, hemen Berlin. Unibertsitatea utzi duen eta bizitzan leku bila dagoen gazte baten ibilbideak Berlinetik zehar aurkezten baitu pelikulak. Eta zuzendari onenaren sailean François Ozon lehiatuko da “Dans la Maison“ filma zuzentzeagatik. Donostiako Urrezko Maskorra lortu zuen filmak ez du film onenaren sailean izendapenik lortu. Film alemanarrak eta frantsesak izendapena dute gizonezko aktore onenaren sailean gainera.
Europako Zine Sariak izango dira baina ez dute entzute nahikoa. Alemanian eta Frantzian ARTE telebistak emango du ekitaldia. Baina gaur ez, bihar diferituan emango du. Aktore espainiar asko joango dira baina Kataluniako Telebistak bakarrik emango du, 33 kanalak, emango du datorren igandean. Italian eta Britania Haundian, sail ofizialetan filmak dituzten bi herritan, berriz ez dute ikusteko aukerik izango. Zuzenean HBO kateak Europa Ekialdeko hainbat herritan emango du. Guri beraz sarien berri jakiteko internetera jotzea besterik ez zaigu geratzen.
Please comment with your real name using good manners.