60 urte eta oraindik osasuntsu

Europako zine klub zaharrenetakoa da Bilboko FAS kluba. 60 urte beteko ditu aurten eta hori ospatzeko egitarau berezia prestatu dute. Ohi bezala, gonbidatuak izango dituzte. Aurten zinegile esanguratsuak dituzte euren sei hamarkadak ganoraz ospatzeko. Pablo Berger (Blancanieves), Enrique Urbizu eta Michel Gaztambide (No Habrá Paz Para Los Malvados) eta Asier Altuna (Bertsolari) euskaldunekin batera, Javier Rebollo (El Muerto y Ser Feliz) eta David Trueba (Madrid, 1987) espainiar izango dira. Gonbidatu bereziena, Peter Greenaway, zine komertzialetik urrun dagoen zinegile artista izango da.

San Vicente aretoan hasi zen Euskal Herriko zineklub zaharrena. Orain asteartero Indautxuko El Carmen aretora joaten dira 35 milimetrotan eta jatorrizko bertsioan dauden pelikulak ikusi nahi dituztenak. Azken urtetan, gainera, ostegunetan saioak egiten hasi dira Alontegiko Golem zinematan. Astearte honetan luxuzko egitarauari hasiera emateko bi pelikula emango dituzte: Ander Mendiaren Beerburg” film laburra eta Harold Lloyd komiko estatubatuar ezagunaren eskena ezagunena duen “Safety Last” (“El Hombre Mosca“) filma.

Hilabete honetan gainera, Michael Hanekeren “Amour” edo David Truebaren “Madrid, 1987” ikusteko aukera izango da. Urtean zehar eta ohi bezala garrantzi handia izango du film labur euskaldunen ikustaldia. Eta zine klasikoari eskainitako ziklo berezian, zine kluba jaio zen urtea hautatu dute: 1953an estreinatuko filmak ikusteko aukera izango da. Hilabete honetan, Yasujiro Ozuk zuzendutako “Tokio Story” (Cuentos de Tokio) pelikula emango dute.

Zorionak FAS!

Article written by

Kristina Zorita Arratibel

Please comment with your real name using good manners.

Leave a Reply

Confianza online