Canneseko zinema jaialdiak aurrera darrai, Urrezko Palma lortzeko lehiara aurkeztu diren pelikuletatik erdiak jada ikusi dira, eta gaur, musikak hartuko du jaialdia: Rolling Stonesen musikak., hain zuzen ere.
Gaur estreinatuko dute Cannesen Stones in Exile dokumentala, taldeak 1972an kaleratu zuen Exile on main street diskoaren grabazioari buruzko dokumentala.
Hori bai, Mick Jagger baino ez da izango gaur jaialdian, gainontzeko taldekideak ere joatekoak baziren ere, azkenean, ezin izan baitute. Ikusmin handia dago lan hau zelan geratu den jakiteko, izan ere Rolling Stonesen lanik esanguratsuena da aditu askorentzat Exile on main street, bai behintzat urteak igarota, euren ibilbidean marka handiena utzi duena.
Eta kontua da diskoaren grabazioa ez zela edonolakoa izan: Ingalaterran Ogasuna euren atzetik zebilen eta horren ihesean, Frantzia hegoaldeko etxe batean grabatu zuen taldeak lana, Cannesetik gertu, eta gau eta egun handik atera barik egin zuten. Han egin zuten denboraldian beti furgoneta bat prest zeukaten badaezpada ere, Polizia agertzen bazen ihes egin ahal izateko, ordutegia zer zen ere ez zekiten eta droga faltan ere ez zeuden; pentsa, Keith Richards heroinara engantxatuta atera zen grabaziotik.
Dokumentaleko produktoreak berak egun haietan bizitako biltzen duen lana “Apocalypse Now rockero” bat dela dio. Stones in exile beraz gaur Cannesen ikusiko da, hain zuzen Exile on main street diskoa atzo bertan mundu osoan berrargitaratu ostean.
‘Stones in Exile’ dokumentala estreinatuko da gaur Canneseko Jaialdian http://bit.ly/csysCv