Aste honetako zinema-karteldegiari leiho bat zabaltzeko eguna da ostirala. Leihoaz bestalde, negu giroa hotza eta euri–kazkabarra dugula kontutan hartuta, ez da ez, aukera txarra asteburuan zinemara joatea.

Hasteko, ikusmina piztu duen Ridley Scotten superprodukzio bat: Aberatsei ondasunak lapurtu eta eta pobreen artean banatzen dituen heroi klasikoa, Sherwwodeko basoan bizi dena: Robin Hood. Oraingo honetan Russel Crowen azalean.
Ingalaterran, Erdi Aroko garai gatazkatsuak bizi dituzte Nottingham Estatuan: Rikardo Erregea hil ostean, mandatari ustel baten agindupean bizi dira bertako herritarrak, agintean dagoenaren gehiegikeriak pairatuz. Sheerwoodeko basoan bizi den iheslari talde batek, ordea, justizia bere esku hartzen du: sheriff ankerraren aurka borroka sutsua hasiko dute, bidegabekeria honekin amaitu asmoz. Lady Marionekin zeharo maiteminduta dagoen Robin Hood izeneko heroi ausart batek gidatuko du matxinada.

Aurrekoaren garai beretsuan irudikatzen du hurrengo filmak ere, baina oraingo honetan, Frantzia eta Espainiara garamatza. “Rous et Noir” edo Rosa y Negro.
Arrosa eta Beltza lelopean, komedia historiko bat aurkezten digu Gerard Junot zuzendariak. Bera da hain zuzen, protagonistetako bat. Bestea, Juan Diego aktore espainiar beteranoa, garaiko noble baten haragian sartuta. Bere alaba ezkontzekotan da, eta xehetasunik txikiena ere zaindu nahi du aitak: horretarako, Parisko Gortetik ile-apaintzaile, moda-aditu eta perfumista xelebre ospetsuenak ekarrarazten ditu Inkisizioaren errezelopean bizi den Espainia elizkoi eta hertsira. Haiek eragingo duten zalaparta ikustekoa izango da.

Drama erromantiko negarrarazlea da hurrengo proposamena: Two lovers. Eta bikotekideak ere ezagunak ditugu: Gwyneth Paltrow eta Joaquin Phoenix.
Leonard gazteak bere bizitza desorekatzen duten emozio-makalaldi nabarmenak izan ohi ditu. Azkenekoa gainditzeko, gurasoen Brooklingo etxera itzuliko da. Mutila erabat liluratzen duten bi bizilagun topatuko ditu bertan: Mixell ederra, sentsuala eta misteriotsua da; bere aitaren bazkidearen alaba den Sandra berriz, xaloa eta aspergarria . Bietatik zein aukeratu erabaki ezinik ikusiko dugu lehendik ere bere bizitzan oreka handirik ezagutu ez duen protagonista gizarajoa.
Reykjavik-Rotterdam, Islandiatik datorkigun film garaikidea da hurrengoa. Langabezia egoera itogarrian bizi da Kristopher. Alkoholarekin kontrabandoan atzeman dute nagusiek eta lanpostua galdu du. Legez kanpo herrialdean vodka sartzea, ordea, oso aukera erakargarria izan liteke diru-gosez bizi den gazte talde batentzat eta Kristopher eta bere lagunek azken kolpea eman eta behin betirako aberasteko asmoa dute.

Legearen ertzean mugitzea bezain arriskutsua izan liteke, baina, batzuetan, gehiegi babestuta bizitzea ere. eta Doogtooth edo Canino pelikula greziarrak erakutsiko digu hori. Ama, aita eta bere hiru seme-alabak ageri dira pantailan. Aberatsak dirudite, landetxe handi batean bizi dira, lorategi zabalak inguruan eta horma sendo eta altuen babespean. Haurrek ez dute kanpokaldearekin inolako harremanik, eta gurasoek eurentzat diseinatutako mundu irreal batean bizi dira. Landetxeko zaintzailea da etxe horretara sartzeko baimena duen bakarra eta haurrei opari bat ekartzen dien egunean hasiko dira gauzak aldatzen.
Bakardade zalea da Gentlemen Broncos filmeko hurrengo protagonista ere, baina aurreko lana ez bezela, umorez zipriztinduta datorkigu pelikula amerikar hau. Benjamin Purvis bere ama xelebre eta eszentrikoarekin bizi den nerabea dugu.
Idaztea da bere eguneroko bizimodutik ihes egiteko topatzen duen bide bakarra eta literatura bere grina. Baina inspirazio faltan dabilen nobelagile ezagun batek bere eskuizkribuak lapurtzen dizkio eta are okerragoa dena, pelikula ezin txarrragoa egiteko moldatzen du. Bere ospea zikinduta, Benjaminek idazle izateko ametsa arriskuan ikusten du eta pelikula hori kosta ala kosta galerazi nahiko du.

Siempre hay tiempo (Hector y Bruno) da hurrengo filma. 2009an errodatutako drama espainiar honen argumentua ondorengoa: Hectorren bizitza aldaketa handirik gabe igaroko zen, Euskal Herrian, alde egitera beharko izan ez balute bere semearen etxera joateko. Oso erlazio urruna du semearekin. Hectorrek zenbait lagunen laguntzarekin gaindituko du egoera: Laurak, bere errainak, semearekin adiskidetzen lagunduko dio. Brunok, bere bilobak, ausardia aurkituko du bere aititerengan, institutuan erasotzen dioten mutilei aurre egiteko. Horren truke, Brunok Clara berritsu eta bizizalea lortzen lagunduko dio aititeri; horri esker, Hectorrek, aspaldiko partez ahatuta zuen maitasuna nabarituko du berriro.
Eta ezhoiko pelikula da gure gaurko zerrendako azkena: Son and moon, diario de un astronauta. Miguel Lopez de Alegria jatorri espainiarreko astronautaren bizipenetan oinarritutako istorioa jarriko digu begi aurrean Manuel Huerga zuzendariak. Barne borroka etsigarria bizi du protagonistak: goi mailako astronauta izanik, bolada luzeak pasa behar izaten ditu Nazioarteko Espazio Estazioan lurretik milaka kilometrotara eta zaila izaten da askotan 7 urteko semearekin harremana izatea.
Gizakia Ilargira iritsi zenetik mende erdia betetzen den garaian, astronauten bizimoduari buruzko ezohiko begiradaren bitartez, gaur egungo bizimoduaren inguruko gogoeta eragin nahi digu zuzendariak. Eta istorio berezi hau girotzeko, estetika ere berezia da, noski: kanpo atmosferako irudi ikusgarriak, aita eta semearen arteko webkamera bidezko elkarrizketa intimoen irudiekin uztartuta.
Hemen duzu guztien laburpen pieza txiki bat:
Russel Crowek ba ote du Robin Hooden trazarik? http://bit.ly/cPGCo0