Egun hauetan zinema munduko hainbat eta hainbat pertsona dabiltza Donostian: aktoreak, zuzendariak, produktoreak eta baita zinema kritikoak ere. Eurak dira filmak zorrotzen epaitzen dituztenak, film bakoitzari nire moduko ikusle batek ikusten ez dituen xehetasunak aurkitzen dizkietenak.
Felix Linares zinema kritiko eta ETB2 ko “La noche de” saioko aurkezlearekin egin dut topo. Pelikula eta pelikula artean, nirekin hitz egiteko beta hartu du eta Zinemaldiaren 57. ekitaldi honetaz zenbait gogoeta interesgarri egin ditu. Hori bai, hasi aurretik errieta txiki bat ere egin dit, kazetariak bera grabatzera joaten garenean beti bizarrarekin topatzen dugulako. Kar kar!
Zinema kritiko izanda, ezin Film onenaren Urrezko Maskorra irabazteko bere hautagaia zein den galdetu gabe gelditu. Momentuz, Urrezko Maskorra irabazteko bere faboritoa Juan Jose Campanellaren El secreto de sus ojos filma da. Hala ere, Isaki Lacuestaren Los condenados filmarengan ere esperantza handiak jarrita dituela aitortu dit. Epaimahaiak Campanellaren film argentinarra sari gorenarekin saritzea nahi luke, baina badaki ia urtero ezustekoak egon ohi direla eta ez daki saria argentinarrari emango dioten ala ez. “Ezustekoak egotekotan, egon daitezela sari txikienetan!”, hala adierazi du gure kameraren aurrean.
Zinemaldiak irauten duen egunetan batez beste hiru film ikusten ditu Linaresek. Sail ofizialeko film guztiak ikusten ditu, gero ondoren epaimahaiak emandako sariak eztabaidatzeko. Zabaltegi saileko filmik interesgarrienak ikusten ditu eta hortik kanpo, handik eta hemendik zerbait ikusten ahalegintzen da. Atzo esaterako, Oceanworld 3D filma ikustera joan zen. Sail ofizialetik kanpo, Quentin Tarantinoren Malditos Bastardos, Woody Allenen Si la cosa funciona eta Michael Hanekeren La cinta blanca gomendatu dizkit.
Goian aipaturikoa berak kontatu didan guztiaren laburpen bat baino ez da. Esandako guztiak ikusi eta entzun nahi badituzu, ikusi ezazu bideoa (jatorrizkoa, gaztelaniaz).
2012 filmeko lan-taldea eta Amaia Salamanca
Linaresen eskutik Zinemalditik igaroko diren film onenen errepasoa egin eta gero, filmetako protagonisten bila abiatu naiz. Izan ere, gaur eguerdian heldu dira 2012 filmeko aktoreak eta zuzendaria, besteak beste.
Gaur egia esan aurreko egunetan baino mugimendu handiagoa nabaritu dut Maria Cristina hotelaren kanpoaldean. John Cusack 2012 filmeko protagonistaren zain zeuden guztiak. Hasiera batean eguerdiko 13:15ean zen etortzekoa, baina hamaikak aldera iritsi da. Hotelera sartu eta gutxira berriz irten da. Eta gero, 13:15ean berriz azaldu da auto ofizialean hoteleko sarrera nagusira. Prentsa guztia bera etorri zain zegoen eta horregatik azaldu ote da berriz hasieran iragarritako orduan? Bai iritsiera xelebrea, behintzat. Bi aldiz iritsi balitz bezala izan da. Bere atzetik eta auto berean heldu dira Chiwetel Ejiofor aktorea eta Roland Emmerich zuzendaria, biak ere 2012 filmeko kideak. Biak ala biek, zenbait autografo sinatu eta Mikel Olaziregi Zinemaldiko zuzendaria agurtu ondoren barrurako bidea hartu dute. Gogoan izan 2012 filma datorren azaroaren 20an helduko da zinema-aretoetara.
2012 filmeko kideen atzetik heldu da Amaia Salamanca (Fuga de cerebros) aktorea. Ez, aurretik auto ofizialetik beste emakume ilehori bat atera da. Segituan jendea Amaia, Amaia deika hasi zaio, baina alarma faltsua izan da. Ez zen Amaia. Hurrengo autoan heldu da azkenean Amaia Salamanca. Kanpoan zain zituen jarraitzaileei zenbat autografo sinatu, argazkilarien aurrean paratu eta honek ere barrurako bidea hartu du. Minutu batzuk geroago kanporako bidea hartu Ian McKellen, atzo Donostia saria jaso zuen gizonak. Azken horrek atzo saria ematerakoan oparitu zioten euskal txapela soinean zeraman. Txapelari gustua hartu diola dirudi. Argi, oraindik agian elkarteren batean musean jokatzen ikusiko duzue eta! Bejondeizula Ian!
Zinemaldia Felix Linaresen begietatik: http://bit.ly/jkrIT
Zinemaldia Felix Linaresen begietatik: http://bit.ly/jkrIT