Brad Pittek eta Quentin Tarantinok Zinemaldia utzi zutenetik zerbaiten faltan zegoen Donostia, glamour faltan. Kalean ere antzematen zen nolabaiteko interes falta. Bai, orduz gero Ang Lee zuzendaria, Robert Duvall, Ian McKellen edota John Cusack aktoreak izan ditugu gure artean, baina zerbait falta zen. Naomi Wattsen iritsierak indar pixka bat emango dio azken txanpa honi. Hala ere, egiari zor ez du joko handirik eman bere etorreran behintzat. Iragarrita bezala 13:30ean heldu da Maria Cristinara. Mikel Olaziregi agurtu du, inguruan zituen kazetariak eta jarraitzaileak agurtu ditu eta eskaileratan gora barrurako bidea hartu du. Barrurantza zihoala logurea zuela adierazi du eskuekin. Inguruan nuen kazetari batek segituan egin du bere bertsioa: “Ziur makillatu gabe etorri dela eta horregatik ez zuela argazkilarien aurrean paratu nahi.” Hala ote? Ikusi irudiak eta atera zeuon ondorioak.
Naomi Watts bihar Zinemaldia itxiko duen Mother and child filmeko protagonistetako bat da. Ziur biharko itxiera ekitaldian gaur baino adeitsuago eta politago ikusiko dugula. Joan den abenduaren 13an Samuel Kai bere bigarren semea izan zuen eta egia esan, ongi baino hobeto errekuperatu du haurdunaldi aurreko gorpuzkera.
Begi guztiak berari begira bazeuden ere, ez da izan gaur goizean heldu den izar bakarra. Anne Igartiburu eta Jabier Elortegi zuzendaria goizeko 11:30ean heldu dira Donostiara, ordu erdiko atzerapenarekin. Biak ala biak Zorion perfektua filma aurkeztera etorri dira Donostiara. Zabaltegi-Perlak sailean proiektatuko dute Andu Lertxundiren Zorion perfektua eleberrian oinarrituta dagoen filma. Zinemaldian ikusteko paradarik ez baduzu, lasai, datorren ostiralean helduko da Euskal Herriko zinema-aretoetara.
Zinemaldia, aldarrikapenen lekuko
Bederatzi egun hauetan Donostia zinema munduaren zentro bilakatzen da. Begi guztiak hona begira daude. Egoera hori aprobetxatuz, Zinemaldiaren baitan, berez zinemarekin erlaziorik ez duten aldarrikapenak egin dira. Atzo bertan esaterako, epaimahai ofizialeko kideak, Mikel Olaziregi, Bahman Ghobadi eta Hana eta Samira Makhmalbaf zuzendariak Kursaal atarian bildu ziren Iranen bakea eta demokrazia lortzearen alde.
Gaur eguerdian, bien bitartean, Egunkariaren Alde Elkarteak deituta, zuzendari, gidoigile, aktore eta oro har, euskal zinemako kideek Egunkaria auziaren aurkako elkarretaratzea egin dute. Gogoan izan, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Juan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi eta Iñaki Uria Egunkariako langile ohiek inputatuta jarraitzen dutela eta akusatuen aulkian eseri beharko dutela ETArekin harremana izatea egotzita. Gaurko elkarretaratzean euren babesa eman nahi izan die zinema munduko kideek. Bertan ikusi ahal izan ditut Munduan libre bizi izateko Egunkaria, Egunkaria libre munduan bizi ahal izateko lemapean., besteak beste, Ramon Agirre, Iñake Irastorza, Arantxa Gurmendi, Oihana Maritorena, Anartz Zuazua, Egoitz Lasa, Ainhoa Aierbe, Tessa Andonegi edota Asier Hernandez aktoreak. Ramon Agirrek aktore guztien izenean astakeria hau amaitzea eskatu du: “Bai adierazteko aktoreen partetik ez dagoela eskubiderik, astakeria bat dela Egunkariaren auzia aurrera joatea eta bertan behera utzi dezatela lehenbailehen.”
Azken txanpa
Gainontzean Zinemaldia azken txanpan sartu da. Gaur proiektatu dira Sail ofizialean leihatuko diren azken bi filmak: Los condenados espainiarra eta I came from Busan hego korearra. Atzo Felix Linaresek aurreratu zigun justizia egingo balitz El secreto de sus ojos argentinarrak irabaziko lukeela Film Onenaren Urrezko Maskorra, baina… Urtero egoten da ezustekoren bat eta…
Bihar eguerdian jakingo du epaimahai ofizialaren epaia. Geroago, iluntzean Itxiera ekitaldian sariak banatuko dira eta Naomi Watts protagonistatzat duen Mother and child filmak itxiko du Zinemaldia.
Aprobetxatu beraz Zinemaldiko azken orduak eta Donostiatik bazabiltzate, kontatu zuen esperientzia!
Naomi Wattsen iritsierak glamourra ekarri du Zinemaldira: http://tinyurl.com/ycw9awx
Naomi Wattsen iritsierak glamourra ekarri du Zinemaldira: http://tinyurl.com/ycw9awx