Gaur arte Kursaal, Victoria Eugenia eta Maria Cristina arteko ibilbidea egin dut egunero, hutsik egin gabe. Zinemaldiko seigarren egun honetan, triangelu horretatik aldendu eta Antonio Elorza belodromora gerturatu naiz. Zinemaldia nagusiki hiru gune horietan garatzen bada ere, Antiguo Berri eta Principe zinema-aretoek eta Antonio Elorza belodromoak ere badute beren tokia egun hauetan.
Irailaren 18tik 26ra iraungo du Zinemaldiak. Bada, astegunetan egunero ikastetxeetako haurrentzat saio bat izaten da belodromoan goizeko hamarretatik aurrera. Zinemaldiak irauten duen egunetan belodromoa 3.000 ikusle hartzeko tokia duen zinema-areto handi bihurtzen da. Ponyo itsaslabarrean film japoniarraren euskarazko bertsioa ikusteko aukera dute bertaratzen diren ikasleek. Sosuke itsasora begira dagoen labar batean bizi da. Goiz batean, burua marmeladazko pote batean sartuta duen koloretako arrain batekin egingo du topo. Sosukek askatzen lagunduko dio eta elkarren arteko lilura sortuko da. Hala ere, arrainaren aitak, garai batean gizaki izan zen aztiak, berarekin itsasora itzultzera behartuko du. Ponyo koloretako arrainak haur izan nahi du eta ihes egingo du. Kaosa nagusituko da eta Ponyoren ahizpak maremoto erraldoi bihurtuko dira Sosukeren itzulera eragiteko. Ur azpiko munduaren eromenak Sosuke nahastuko du.
Gaurko proiekzioaren amaieran, haurrek filma gustuko izan dutela adierazi didate. Irakasleek ez zuten iritzi bera irteeran, ez baitzeuden filmaren luzeerarekin ados. 104 minutu irauten du eta luzetxoa zela irizten zioten. Irteeran haur asko ikusi ditut Zigortzaileak zioen pegatina batekin. Eta nire artean pentsatu dut: Non dira bada Zigortzaileak? Zer da Zigortzaileen kontu hau?
Zigortzaileak euskarazko film dibertigarri eta entretenigarria da. Bullyngaren gaia hartzen du ardatz gisa. Superheroien istorioetan oinarrituta dagoen filmean zazpi haur dira protagonista. Filmean haur talde baten bizipenak kontatzen dira. Haurrok kokoteraino daude beste haur batzuen irainak eta erasoak jasotzeaz. Ekintzara igarotzea erabakiko dute eta ezkutuko komando antzeko bat sortuko dute mendeku hartzeko. Zigortzaileak gisa ezaguna egingo den superheroi taldea zigorrak jartzeaz eta hezteaz arduratuko da.
Kontua da Zigortzaileak filmeko protagonistek belodromora egin dutela bisita goizean haurren artean filma promozionatzeko. 11:30ean Zigortzaileak belodromo kanpoaldera agertzekotan ziren, baina ez ditut inondik inora ikusi eta euren bila hasi naiz.
Eguerdi aldera aurkitu dut Zigortzaileak filmeko lan-taldea. Salamanka pasealekuko Bebop tabernan egin dut topo eurekin. Izan ere, han batu dira filmaren lehen trailerra jendeaurrean erakusteko. Aktore gaztetxoak irrikitan zeuden euren buruak pantaila handian ikusteko. Alboan izan dituzte filmaren arduradunez gain, gurasoak eta etxekoak. Filmaren aurrerapena behin eta berriz errepikatu dute eta bertaratutakoen artean hitz onak nagusitu dira.
Film aurrerapenaren proiekzioaren ondoren, Zigortzaileak filmeko hiru protagonistekin solasteko aukera izan dut. Amaia Aberasturi, Estibaliz Sarasola eta Andoni Delarigne dute izena hiru protagonistek edota hobe esanda, Leire “Li”, Sandra “Sandy” eta Leo “Lintxi”. Film aurrerapenaren proiekziora pertsonaien arropak jantzita agertu dira hirurak.
Amaia Aberasturirentzat eta Estibaliz Sarasolarentzat aktore gisa lan egiten duten lehen aldia izan da. Andoni Delarignek berriz, esperientzia handiagoa du zeregin hauetan bere laugarren aldia izan baita. Amaia Aberasturirentzat oso esperientzia polita izan da eta bizitakoa inoiz ez zaiola ahaztuko uste du. Euren buruak pantailan ikustean denak bat etorri dira emozioa eta lotsa aldi berean sentitu dutela esaterakoan. Ez daude atseden hartzeko prest eta balizko Zigortzaileak 2 filmean parte hartzea espero dute.
Arratsaldean ere Zigortzaileak Kursaal inguruan izango dira ikusleak agurtzen eta zinema zaleei filmaren berri ematen. Filmak Eusko Jaurlaritzaren eta EITBren laguntza jaso du eta, okerrik ez bada, urtarrilean helduko da zinema-aretoetara.
Please comment with your real name using good manners.