Orain arte aitortu ez badut ere, lehen aldia da Zinemaldiaren barruko tripetan nabilela. Dagoeneko, baten batek antzemango zidan, baina tira! Hasiberriei txantxak egitea ohikoa izan ohi da eta gaur arte gustura nengoen horrelakorik jasatea egokitu ez zitzaidalako. Ez dakit zortea edota prebisio falta izan den, baina gaur nire eguneroko lan tresnak huts egin dit. Edota nik huts egin dut. Izan ere, ezin zaio bizitza honetan guztia zorteari egotzi. Zortea bilatu egin behar omen da edota irabazi.
Yo, tambien sail ofizialean lehiatuko den filmeko protagonista ere zorteko gizona dela esan daiteke. Edo honek ere zortea irabazi egin du. Orain kontatuko dizuet eta zuek epaitu. Pablo Pineda du izena protagonistak eta Down sindromea du, baina hori ez da oztopo izan unibertsitatera joan eta heziketa berezian lizentziatzeko. Are gehiago, down sindromea izan eta Espainiar estatuan unibertsitateko titulua duen lehena da. Gaur goizean iritsi da Pablo Pineda Gipuzkoako hiriburura. Eguerdi aldera heldu dira Lola Dueñas filmeko beste protagonista eta Antonio Naharro eta Alvaro Pastor Pastor filmeko zuzendariak. Arratsaldeko 19:30ean izango da filmaren lehen proiekzioa, baina kazetariek eta akreditazioa dutenek soilik ikusi ahal izango dute lehen proiekzio hori. Filma ikusi nahi duten gainerako ikusleek bihar arte itxaron beharko dute.
Imanol Uribe eta Sir Ian Mckellen Donostian
Yo, también filmeko lan taldea Donostian da, baina ez dira azken orduan Gipuzkoako hiriburura heldu diren bakarrak. Eguerdian iritsi da Imanol Uribe zine zuzendaria ere. Bihar, Euskal zinemaren galan Zinemira saria jasoko du. Arratsaldean 17:20an helduko da Ian Mckellen, ekitaldi honetako Donostia saria jasoko duen gizona.
Tres dias con la familia filmak irabazi du Film Commission Donostiako V. saria
Hedabideak 12:30erako deituak ginen Film Commission Donostiako V. saria norentzat zen iragartzeko. Ekitaldia atzeratu egin da, hiriburuko trafikoan korapilatuta gelditu baitira protagonistak. Udaletxearen kanpoan zenbait argazki atera eta gero hasi da prentsaurrekoa. Mar Coll Tres dias con la familia filmeko zuzendariak eskerrak eman dizkio komisioari sariarengatik. Hala ere, hasiera batean sariaren zergatia ez zuela ulertu aitortu du. Izan ere, berak filmean hiri baten balore urbanistiko eta paisajistikoak islatzea saritzen zela uste zuen. Eta bere baitan pentsatu zuen “hainbat eta hainbat eszena barrualdean grabatu ditugu eta!”. Geroago konturatu zen ordea, Kataluniako kultura eta gizartea ezin hobeto islatzen zuela eta hor zegoela sariaren arrazoia.
Film Commission Donostiako V. Sariko epaimahaia honako hauek osatu dute: Pablo Malo zine zuzendariak, Marian Aguilera eta Martin Rivas aktoreek eta Fernando Lemoniez diseinatzaileak. Epaimahaiaren ustez, Tres dias con la familia zen filma grabatu zen tokiko balio sozialak, kulturalak eta paisajistikoak ondoen agertzen zituen filma. Orotara, 14 film aurkeztu ziren leihaketara, baina lau film igaro ziren azken fasera: La mujer del anarquista, Tres días con la familia, Al final del camino eta Sin limites.
Film Commission Donostiako Hiria Saria duela bost urte sortu zuen Donostiako Sustapenak. Aipaturiko sariak hirietako eta eskualdeetako balio natural eta kulturalak agertzeko ahalegina saritzen du. 12.000 euroko saria jasoko du Escandalo FilmTres dias con la familia filmeko ekoiztetxeak. Saria arratsaldeko 19:00etan banatuko da Principe zinemako 9.aretoan eta ondoren filma proiektatuko da Made in Spain atalaren baitan.
Zorionak Ian Mackelleni sariagatik. Merezia du bere karrera guztiagatik. Oraingo honetan Zinemaldiakoek asmatu dute.