“Kung Fu” mitikoaren heriotza izugarrizko zeresana ematen ari da. Ostegunean aurkitu zuten hilotza Bangkokeko luxuzko hotel batean. Bere gelako armairu barruan zegoen, biluzik, eta soka batekin lotuta barrabilak nahiz lepoa. Aurkikuntza “harrigarri” horren ostean, denetariko hipotesiak zabaldu dira eta ezer ez dago argi.
Lehen bertsioa suizidioarena izan zen. Aktore ezagunak bere buruaz beste egin zuela esan zuten berehala komunikabideek, baina familiak ukatu egin zuen Carradinek horretarako arrazoirik zuenik.
Gero, Tailandiako Gobernuak oharra kaleratu zuen 72 urteko aktore ezaguna masturbazio teknika arriskutsu batean ari zela hil zela esanez. Herrialde hartako ikertzaileek egindako lehen azterketen arabera, istripua izan zen gertatutakoa, nahi gabe ito zen Carradine, “ekintza erotiko bat” egiten ari zela. Ez omen zuen inolako indarkeria arrastorik.
Egun batzuk beranduago, baina, “Kung Fu” ezaguna sekta batek hil zuenaren zurrumurrua zabaltzen hasi zen. Hain zuzen ere, familiaren abokatuak esan zuen eurek kontratatutako ikertzaileen arabera, arte martzialetan aritzen den ezkutuko sekta batek hil zuen Hollywoodeko aktorea, horien jardueren berri eman ez zezan.
Gauzak horrela, familiak berriz ere hitz egin du azken orduotan, hildakoaren gorpuari egindako azterketa independente baten arabera, ez zuela bere buruaz beste egin ondorioztatu dutela esateko. Horrek garbi uzten du gai honek hari luzea izango duela oraindik.
Misterioa argitzen den bitartean, komunikabideetan nahiz Interneten ez da beste konturik eta telebistan zein zinemetan bere filmak ematen hasi dira berriz ere.
Hain zuzen ere, bere film berria izango zena grabatzen ari zen David Carradine Tailandian.
Kontsulta itzazu asteko estreinaldien ordutegiak eta zinemaren inguruko albiste guztiak.
Please comment with your real name using good manners.