Harvey Milk eta La sombra del poder -egun zinemetan ikus dezakegu- filmetako protagonistek betirako bukatu zutela esan zuten arren, badirudi dena bere onera itzuli dela eta elkarrekin daudela.
Izan ere, Sean Pennek dibortzio-eskaera aurkeztu zuenetik hiru aste igaro diren honetan, bi Oscar sariren jabeak Kaliforniako auzitegi batean aurkeztutako eskaera hori erretiratu egin du, People aldizkariak jakitera eman duenez.
“Ematen du berriz ere adiskidetu egin direla” adierazi du Lynn Soodik dibortziotan aditu den abokatuak: “Ez litzateke bestela logikoa dibortzio-eskaria erretiratzea”.
Bigarren aldia da dibortzio-prozesua abian jarri ostean bikoteak atzera egiten duela. Ea oraingoan luzarorako den!
Une honetan, Paolo Sorrentinorekin grabatuko duen film berriaren proiektuan buru belarri sartuta dago Sean Penn, 48 urteko aktorea. Bere ibilbide musikala amaitu ondoren, iraganarekin kontuak kitatu eta aita hil zuen naziaren bila joango den rock izar baten papera egingo du.
Robin Wright, berriz, Canneseko Zinema Jaialdian ikusi dugu egun hauetan, epaimahaikidea baita.
Please comment with your real name using good manners.