Canneseko Nazioarteko Zinema Jaialdiko ikusleek txistu egin zioten Lars Von Trier daniarrari Anticristo bere film berrian sexu-organoen automutilazioari dagozkion eszenak erakusteagatik. Proiekzioaren ondorengo prentsa agerraldian azalpenik emateko beharrik ez zuela adierazi zuen eta bere buruari loreak bota zizkion munduko zuzendari onena dela esanez.
Filmaren inguruan sortu den zalaparta dela eta, Zentropa ekoiztetxe daniarrak Anticristoren beste bertsio bat egitea erabaki du. Berlingske Tidende egunkariak aditzera eman duenez eszena gogorrenak ezabatuko dituzte AEBetan, Asian eta Europa hegoaldean zabaltzeko. Zentropako zuzendariak herrialde jainkojaleentzat bertsio arinago bat egin dutela adierazi du: “Bertsio katoliko bat egingo dugu merkatu jainkojaleentzat, zentsura gainditu dezan. Oraindik ez dakigu zein eszena ezabatuko ditugun. Banatzaileekin hizketan ari gara minaren muga non dagoen aurkitzeko.”
Willem Dafoe eta Charlotte Gainsbourg aktoreak dira protagonista. Bikotearen semea hil berria da eta min hori gainditzeko basoaren erdian dagoen txabola batera joango dira. Naturarekin harremanetan egoteak euren bihotz apurtuak eta euren ezkontza senda ditzakeela uste dute. Hala ere, naturak bere bidea darrai eta gauzak okertzen ari dira.
Anticristo datorren abuztuaren 21ean helduko da zinema-aretoetara.
Please comment with your real name using good manners.