Steven Spielbergen DreamWorks etxeak Martin Luther Kingen bizitza film batean kontatzeko eskubideak erosi ditu. Variety aldizkariak aurreraturikoaren arabera, beraz, AEBetako eskubide zibilen ikurraren bizitza film batean ikusi ahal izango dugu. Proiektua azkenean gauzatzen bada Spielbergen eta honen bazkide den Stacey Sniderren betiko ametsa beteko da. Hainbat urtez borrokan aritu dira filma egin ahal izateko beharrezkoak diren baimenak lortu ahal izateko.
Spielberg oso gustura dago AEBetako historiaren zati bat kontatzeko aukera izango duelako: ”Oso harro gaude historiaren zati bat kontatzeko aukera eman zaigulako. Zinemaren botere sortzailea eta Kingen bizimodua uztartuz harro egon gaitezkeen istorio indartsua egin genezake.”
King 1968an erail zuten Memphis hirian 39 urte zituela. Bakearen Nobel Saria jaso zuen AEBetako arraza diskriminazioaren aurka eginiko lanarengatik. Buruzagi zibil horrek bere hitzaldiak eta gainerako lanak erregistratu zituen. Bera hil ostean jabego intelektual hori bere oinordekoen eskuetara igaro zen.
DreamWorksen filma izango da Kingen lan osoa erabiltzeko baimena izango duen lehena. ‘I have a dream’ diskurtso ezaguna erabiltzeko aukera ere izango du ekoiztetxeak. Baliabide guztiak erabiliz Kingen bizitzaren erretratu leiala egitea da helburua.
Steven Spielbergek Martin Luther Kingen bizitza eramango du zinemara:
http://tinyurl.com/qeo7yx