Daily Archives: 19 February, 2012

bakar

Gaueko ordubata zen.

Bakarrik nenbilen kalean.

Nire pausoek lurrean

bateria kolpeak ziruditen,

Coltraneren doinu bat gogoan.

Zineman lehenago

ikusle bakarra izan nintzen,

baina pelikulak ere

aktoresa bakarra zuen:

monologo afektatua.

Tren bat igaro zen ondotik,

eta emakume bat ikusi nuen,

bakarrik bagoi batean.

Begiratu ninduen eta begiratu nuen,

segundo bakar batez.

Elkar ezagutu dugu

lehen aldia bazen ere,

batak bestea begiz jotzen genuela.

Berehala galdu zen trena,

geltokira bidean,

eta berarekin emakumea.

Nire pausoak azkartu ziren,

zergatik jakin gabe, ordea.

Bakardadea da

Kainen zigilua bekokian.