Euskararen inguruko bloga estreinatu dugu “Klik” eginez!

Ikasturte berriarekin batera, Euskara eta honen inguruko berriak jorratuko dituen blog berri batekin gatoz, eta hori, nola ez, oso berri pozgarria da. Aurrerantzean, beraz, Euskaldunok Euskaraz Facebookeko orrialdean aipatutako albisteak, hitzorduak, eta beste zenbait kontu bilduko ditugu blog honetan. Goazen denok elkarrekin, euskararen inguruko jakintza partekatzera eta Euskara goraipatzera!

Igandean, urriaren 2an ospatu zen Euskararen aldeko jai handiaz hitz egiten hasiko dugu lehendabiziko laburpena. Azpeitia izan zuen topaleku 2011ko Gipuzkoako Ikastolen jaiak, eta Ikasberri Ikastolak antolatutako hitzordu honetara jende aunitz hurbildu zen Euskarari Klik bat egiteko asmoz. Aurretik, ordea, Kilometroak 2011ko abestia, “Klik” aurkezten genizuen horman, motorrak berotzen joateko. Egin “Klik” eta gozatu bideoaz!

Aste honetan, gainera, proiektu zoragarri baten berri ematen genizuen Facebookeko orrialdean, Baionatik Bilbora proiektuaren berri, hain zuzen ere, Iparraldeko 700 kanta sarean jartzeko eta ezagutzera emateko ekimen ederra. Urte askotarako!

Bertsolaritzak ere badu bere txokoa gure gizartean. Bertsoen mundua gustuko baduzu, bertsolariak ezagutu nahi badituzu, edo bertsolaritzaren nondik norakoetan sakondu nahi baduzu, hainbat bide dituzu. Batetik, Gpuntua izeneko Facebookeko horman Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketako kontuak jarraitu ahal izango dituzu, bestetik, Aiziak biali du blogean ere bertsolaritzaren inguruko artikulu interesgarriak irakurri ahal izango dituzu eta amaitzeko, Xabier Sukia esatariak gidatzen duen Euskadi Irratiko “Hitza Jolas” irratsaioan bertsolariei elkarrizketak, aspaldiko bertsoak eta beste hamaika kontu entzun ahal izango dituzu igandero, arratsaldeko 14:00etatik aurrera.

Amaitzeko, eta teknologien munduan murgilduta gauden honetan, Sakelakoentzako euskarazko teklatu “inteligentea” kaleratu zutela kontatzen genuen horman. Ideia, 2011ko nonick-en sortu zen, eitb.com-ek eta Eusko Jaurlaritzak Interneteko joerei buruz antolatutako nazioarteko biltzarrean, hain zuzen ere, eta sakelakoen teklatuetan idaztean hitz baten amaiera eta hitz horren osteko hurrengoa izan daitekeena iragartzen du, euskaraz.

Ikusten duzuen moduan, euskarak ere badu zeresana teknologia berrietan, eta baita beste zenbait alorretan ere. Hori dela medio, hemendik aurrera euskararen inguruko edozein gai interesgarri, hitzordu garrantzitsu edo lotura aipagarri ikusten baduzu, ez izan zalantzarik, eta eskegi gure Facebookeko horman. Denon arten euskara eta honen inguruko jakintza zabalduko dugu. “Aitorren Hizkuntza Zaharra” kanta herrikoiaren zati txiki batekin, gaurkoz agur esateko ordua heldu da. Segi ondo!

Gora euskara maitea
zoragarriena
euskalduen artean
maitagarriena.
Munduan sortu zanik
hikuntzik zaharrena,
gora ta gora euskaldunak
eta gure euskara.

Alicia San Juan

Share
Published by
Alicia San Juan

Recent Posts

Eta birusa bazan ala ez bazan, sar dadila kalabazan! Euskal atsotitzekin jolasean

Sormena eta irudimena ez da falta egunotan gure inguruan. Etxean egon behar dugun honetan, ez…

4 years ago

Euskararen aldeko festa handia eta lipdub erraldoia, Tolosan

Galtzaundi euskara taldeak euskararen inguruko festa handia antolatu zuen iragan larunbatean, Tolosan (Gipuzkoa). Ehunka euskaltzalek…

7 years ago

Txillardegiren lan osoa digitalizatuta, denon eskura

Euskal Herriko historian leku berezia duen pentsalari, eragile eta idazlea da Jose Luis Alvarez Enparantza…

7 years ago

Euskal blogari onenaren bila, 12 finalista

Iparraldeko neska, Berbaratza, Ikusi makusi…zer ikusi?, Etzi pm bloga, Baloreak baloratzen, Hitzak airean, Taxoareko Hitza, Game Erauntsia, Kaixomaitia, ​Iparra, Sarean, Naturzalia dira Blogetan! Euskal blogariak lehian lehiaketaren bigarren…

7 years ago

Amatxo, bularra lasai eta goxo emateko lekuak baditugu

Zenbaitetan albiste izan ohi de amaren bat bere umetxoari bularra emateagatik denda edo lokalen batetik…

7 years ago

Sorgina Txirulina, euskara ikasteko

Sorgina Txirulina (Erica Liquete) ekimenak euskaldunak ez diren pertsonek seme-alaben eta ipuinen laguntzaz euskara ikastea…

7 years ago