Duela bost urte indartsu sartu zen Jayro Bustamente zinemaren nazioarteko gurpilean. Bere lehen film luzea “Ixcanul” Berlinaleko Sail Ofizialean lehiatu eta ikusmolde berriak eskaintzen dituen zineari emandako saria eskuratu zuen. Balentria bikoitza izan zen. Bere herriko, Guatemalako film bat zinemaldi handi batean lehiatzen zen lehen aldia zen-eta. Orduz geroztik zinemaldi handien ateak zabalik, iaz Venezian estreinatu eta saritu zuten “La Llorona”. Aurretik Berlinalen estreinatu zen “Temblores” eta Donostian Latinoamerikako film homosexual onenari Sebastiane saria eman zioten. Egunotan zine aretoetan dago Guatemalako gizartea erretatzeko balio duen azken film hau, Bustamanteren bigarrena.
Guatemalako gizarte kontserbatzailearen arabera, Pablo (Juan Pablo Olyslager) garaile bat da, “gizon on bat”. Berrogei urteko kristau ebangeliko praktitzailea, emakume polita eta bi semealaba zoragarri dituena. Egun batetik bestera lurrikara gertatzen da bere bizitzan: gizon batekin, Franciscorekin, maitemintzen da. Mauricio Armas Zebadúak gorpuzten duen gizon bizizale eta besteei bizitza errezten dienarekin. Pabloren emazteak, familiak eta elizak “sendatzen” ahalegingo dute. Ardi beltza berriro artaldera itzuli dadin.
Donostiako Zinemaldian Latinoamerikako film onenaren Sebastiane saria eskuratu zuen
Bustamanteren filmak norberaren homosexualitatea onartzeaz eta gay izaera sendatzeko terapiaz ari da. Testingurua ere garrantzitsua da. Guatemalan eta Latinoamerika osoan, Eliza Ebangelikoak duen indarra azpimarratzeko balio du. Pabloren pertsonaia osatzen ari zela filmaren gidoilaria ere den Bustamante konturatu zen Guatemalako gizartearen zati garrantzitsu batek ikasbide erlijioak sutsu jarraitzen dituela. Eliza botere politiko nagusia da Ertamerikako herri horretan. Hain zuzen gizonak ohiko gizon izatera behartzen dituena eta emakumeak esanekoak, gizonen zerbitzura jartzen dituen erakundea.
Guatemalan Eliza Ebangelikoaren garrantzia ere azpimarratzen du filmak
Azpimarratzekoa nire aburuz emakumeek film honetan duten paper indartsua. Esaterako Pabloren nagusia eta bere elizako apaiz nagusietakoa emakumeak dira. Eta zeinen maitasunarekin idatzi du Pabloren familiaren zerbitzura dagoen neskame maiaren papera. Rosa pragmatikoena da, zuhurrena. Bera gorpuzten duen María Telón Bustamantaren aktore fetitxea bilakatu da, orain arte egindako hiru filmeetan parte hartzen du-eta. Baita azaroan estreinatuko den hirugarrenean, “La Llorona“n ere.
Please comment with your real name using good manners.