Nork esango zion Igor Legarretari “Ilargi Guztiak” idazten ari zela egoera distopiko batek tartean sartuko zela betiko bizi nahi duen neskatoaren narrazioan. Irunen bizi baina Leioan jaio zen zinegileak zuzentzen duen bigarren luzea errodajearen laugarren astean eten zuten, Covid-19k sortutako krisiari aurre egiteko Espainiako gobernuak ezarritako alarma egoera zela. “Hasieran desorekatu nintzen, agian gehientsuak bezala. Ez geniken zer gertatuko zen eta noiz” dio Legarretak. Orain bueltan dira. Ekainaren lehen egunean geratzen zaizkien hiru asteei filmatzeari berrekin diete, segurtasunez lan egiteko neurriak martxan ezarrita.
Errodajea lehenengoetakoa izan da birusa zabaltzen ekiditeko ikusentzunezkoan adostutako neurriak martxan jartzen. “Osasun ministeritzak ezarritako protokoloak kontutan hartuta, elkarteek adostu dituzte praktika onenen gidaliburua jarraitu du kontratuta dugun enpresak” dio Koldo Zuazuak, ekoizleetako batek. “Edozein enpresa batek jarraitu behar dituen segurtasun tartea, gelak eta maskara eramatea ezarriko ditugu“, dio. Baina berezitasun bat dute. “Azterketak pasa ondoren, errodajearen muinoan ibiliko den taldea baserri batean jarri dugu. Isolatuta“, azpimarratu du.

Horrela izango dira geratzen diren hiru asteetan, aktoreak, zuzendaria, laguntzailea, script-a, argazki zuzendaria eta kamara taldea, hau da, set-ean egon behar direnak. Izan ere “filma egiterakoan kontratatzen diren aseguruek ez dute Covid19gatik sortu daitezken ezbeharrak kubritzen” azpimarratu digu Zuazuak. Eta horrela “aktoreen bat gaixotzen bada, ezin duzu ordezkatu eta dena gelditu behar duzu bera itzuli arte“, aitortu digu. Horretarako, diru kopuru bat ere alde batera utzi dute. Aurrekontua handituko dela onartu digu baina ez du argitu nahi izan zenbatean.

Zuazuak argi du aurrera egin dutela mendian filmatu behar dutelako, hirigune batetik kanpo, eta ekipo txiki bat dutelako. “Madrilen nago beste ekoizpen batzuekin eta ez da hain erraza“, dio. Errodajea eten aurretik extra gehien zituzten eszenak filmatu ziren. Orain Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroaren iparraldean falta da filmatzea.

Hasierako desoreka hori gaindituta, etenaldia aprobetxatu du Igor Legarreta zuzendariak premuntaia egiteko “Skypez eta telelanaz“, dio. Eta horrek lasaitzeko balio izan dio “behin sartuta hor askoz hobe. Hor baituzu burua“. Nerbioak azken boladan itzuli dira “azken astea, hamar egun, urduri eta kezkatuta baimenak lortu arte” gehitu du.

©Nico de Assas
“Ilargi Guztiak” azken karlistadeetan hasten da, hamabi urteko neskato bat (Haizea Carneros) gatazka baten ondorioz, hiltzear dago. Orduan basotik etorritako emakume misteriotsu bat agertuko da (Itziar Ituño). Eta tratua eskainiko dio: zainduko du eta heriotza gainditzen badu, emakumearekin geratuko da konpainia egiteko. “Neskak lortzen du halako hilezkortasuna. Horrek lagunduko digu denbora nola pasatzen den ikustea. Orduan agertzen dira beste garaiak, neskaren bizitzarekin lotuta daudenak” aitortu digu Legarretak. Denboran aurrera egingo du Cándido (Josean Bengoetxea) ezagutu arte.

Drama fantastiko honen muinoan dago “iraun ala bizi, zer den iraun egitea edo betiko bizitza” dago. “Neskatiloak gainditzen du bizitza baina horrek zer esan nahi du. Zer nolako bizitza izango du“. Poetikoa jarriz ezkero, onartzea dago filmaren bihotzean. “Ulertzea nola diren gauzak eta onartzea. Bizitzeko gauzak ilunenak azken batean bizitzeko gauzak dira. Eta bidai hori egin beharko du neskatiloak hori ulertzeko“, argitu digu Legarretak. Filma euskaraz dago “hikaz, aintzinako kolorea emateko eta nafar kutsuekin filma Nafarroan hasten baita” azpimarratu du zuzendariak.

Aurretik aipatutako aktoreez gain, Zorion Eguileor (El Hoyo), Lier Quesada eta Elena Uriz daude antzeztaldean. “Ilargi Guztiak. Todas las lunas” Arcadia Motion Pictures, Kowalski Films, Pris&Batty Films e Ilargia Films-en koprodukzio bat da Frantziako Noodles Production-ekin batera. EiTBk eta RTVEren babesa du eta ICAAk, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Diputazioak diruz lagundu dute. Filmaxek banatu eta atzerrian salduko du.
Please comment with your real name using good manners.