Ben Sharrock zuzendari eskoziarrarentzat eta Irune Gurtubai ekoizle arratiarrarentzat urte gazi gozoa da 2020koa. Guztiok jasan dugun osasun krisiak ezinegona ekarri die euren bigarren luzea, “Limbo”, noiz eta nola estrenatuko zuten. Gozotasunak Donostian bakanduta zeudela heltzen hasi ziren. Itxialdian jakin arazi zien zinemaldien zinemaldiak, Cannesenek, filma hautatu zuela. Edizioa egingo zutela jakin arazi eta zigilua jasoko zutela esan zieten eta merkatuan parte hartzeko aukera. Gero jakin zuten Torontok ere hartuko zuela, eta gauzak ondo, bertan areto batean estreinatuko dute. Gaur jakin da Donostiako Zinemaldiko “New Directors” sailean lehiatuko dela. Bigarren aldia du Sharrockek bere lehen luzea, “Pikadero”n han izan baitzen. Elkarrizketa hau berria jakin aurretik egin nien.
Zein izan zen zuen lehen erreakzioa Canneseko berria jasotzerakoan?
BEN SHARROCK – “Bitxia izan zen. E-posta larunbat batean, gaueko 11:30tan jaso nuen, itxialdian ginela. Oheratzerako ginen eta berritu nuen posta elektronikoa. Eta orduan iristen ikusi nuen. Begiratu ezin eta Iruneri pasa nion. Bera lasaiagoa baita gauza hauetan. Eta komunean itxi nintzen, argirik gabe, Irunek zer esaten zuen zain“.
IRUNE GURTUBAI – “Horrelako e-posta jasotzen duzunean, nahiko luzea izaten da. Eskerrak emanez hasten da eta korrikan irakurri behar duzu baiezkoa edo ezezkoa esaten duen paragrafoaren bila. Nik pentsatu nuen larunbat gau bat izanik, albiste onak behar ziren izan …”
SHARROCK – “Orduan zuk esan zenuen, ‘lortu dugu, barruan gaude’ eta komunetik atera eta lurrera erori nintzen teniseko jokalariak bezala. Wimbledonen edo egiten dutenean, beti pentsatu dut, erortzen direla akituta daudelako. Egia esan filmazioa eta postprodukzio luzearen ondoren akituta nengoen ni ere. Eta gainera bihotzez nahi nuen Cannesen sartzea zen“.
Cannesen sartzea ametsa, ezta?
SHARROCK – “Zinegile bezala garatzen hasi nintzenetik, Cannesen estreinatzen zuten zinegileak jarraitu izan ditu. Elia Suleiman, Aki Kaurismaki, Eran Kolirin, Wes Anderson,Ruben Östlund … Euretatik ikasteko. Gainera Cannes plataforma ederra da, zure filmari oihartzun itzela ematen dio. Eta argi izan dut, zure karreraren lehen urratsetatik bertan izatearen beharra. Ondorioz, betidanik, Cannesen eta batez ere “Un Certain Regard” sailean lehiatu nahi nuen. “Pikadero” zinemaldian izan behar zela nekien bezala, “Limbo” Cannesen ikusten nuen“.
Canneseko partehartzea bitxia izan da baina, sailik ez, Hautaketa Ofizialaren zigilua soilik eta Merkatu birtuala … Nola izan da esperientzia?
GURTUBAI – “Gazigozoa, Cannesen egotea galdu dugulako. Baina egia esan Canneseko zigilua oso baliogarria izan da. Interesa handia piztu du. Espero genuen baino gehiago. Batez ere, Frantziako banatzaileen artean. Baina Escandinavia, Espania, Estatu Batuetatik ere hurbildu dira. Eta hori filma osorik ez dugula erakutsi. Gure salmenta agentziak hiru minutu baino ez ditu erakutsi. Interesa bazuten, gidoia irakurtzeko aukera zuten“.

Ez diozue inorri erakutsi, ez prentsari, ez erosleei?
GURTUBAI – Ez, Toronton egingo dugu jendearekin estrenaldia, ustez. Urtero 200 edo 300 film hartzen dituzte eta aurten 50 bat hartu dituzte. Horien artean, gurea. Industriako gauza batzuk online izango dira, baina aretoetan filmak erakutsiko dira. Uste dut Kanadierrantzat edo Torontoko biztanleentzat. Gero ez dut oso argi nola izango den, online ikusteko aukera ere izango den.
Eta zine aretoetan?
SHARROCK – “Gure ideia zen 2021ko udaberrian estrenaitzea. Baina egoera hain da zalantzagarria. Zinemaldien esperientzia ere horretan gazi gozoa da. Pikadero aurkeztu genuenean Donostiako Zinemaldian, sarrerak agortu ziren. Itzela izan zen. Orain ikusleen erdia edo gehienez jota, hiru laurdenak joatea dute. Pikaderorekin lortutako hori galduko dugu“.

Limbok Eskozian urrutien dauden uharte batzutan bizi diren asilo eskatzaile batzuen egoera kontatzen du. Zein hizkuntzatan dago, arabiarraz? Nola izan da?
SHARROCK – ¨Nik Sirian arabiarra ikasi nuen duela urte batzuk. Erdoilduta dut. Baina Pikadero euskaraz filmatu nuen, (farra) beraz esperientza hura nuen. Gidoian ulertzen nuen arabiarra, eta Pikaderorekin bezala, musikalitate baten bila nindoan. Protagonista egipziarra da, eta filmean errefuxiatu siriar bat da. Siriar dialektoa menperatzeko Estatu Batuetan bizi den siriar bati elkarrizketaren zatiak bidaltzen genion. Seinalea genuenean, whatsappez mezua bidali eta horrela zuzentzen zuen“.
Seinalea lortu … uste dut oso baldintza konplikatuetan fílmatu duzuela?
SHARROCK – “Haizeak asko zaildu zuen errodajea. Postprodukzioan arazoak eman diguna.”
GURTUBAI – “Eta errodajean bertan ere nabaritu genuen. Haizea hain zen indartsua non hainbat eszenetan aktoreek ez zioten elkarri ulertzen. Eta oihu egiten zioten. Hori mikrofonoetan nabaritzen zen“.
SHARROCK – “Bai, egueraldiak asko gelditu zuen errodajea. Bi egunez gelditu behar izan genuen guztiz. Eszena batzuk behin eta berriz filmatu behar izan genituen. Horrek planoak aurreztera eraman nindun. Eskerrak ondo planifikatuta genuela eta entsaiatzeko beta izan genuen. Horrela antzezpenari dagokionez berehala heldu genion. Baina postprodukzioan ere plano asko egonkortu behar izan ditugu, kamara tripodean asko mugitzen baitzen“.
2018ko udazkenean Eskoziako Hebrida Uharteetan filmatu ondoren, Donostian montatu eta postproduzitu dute Sharrockek eta Gurtubaik “Limbo” filma. Asilo eskatuta, lan baimena ez duten, asilo eskatzaile hauen artean protagonista musikari siriar bat da. Bera Amir El-Masry aktore egipziarrak gorpuzten du. Berarekin batera, afgandar bat (Vikash Bhai),nigeriar bat (Ola Orebiyi) eta ghanako bat (Kwabena Ansah) daude. Sidse Babett Knudsen aktore daniar ezagunak ere paper txikia du.
Please comment with your real name using good manners.