Ostirala da, zinema-karteldegira begira jartzeko eguna eta aste honetan pelikulen zakua bete-beteta dator.

Lehenengoa, estreinatu aurretik zeresana eman duen “Habitación en Roma“, Julio Medem zuzendariaren azken lana.
Eta zergatik da berezia pelikula hau? Bada, hasteko, egun eta erdian bi emakume gazteren artean pizten den maitasun istorio sutsu eta apasionatua kontatzen duelako, Erromako hotel bateko gelan errodatu direlako irudi gehienak eta eskena ia guztietan, biluzik ageri direlako bi aktoreak: Elena Anaya eta Natasha Yarovenco.
Biak ezkonduta daude eta euren bikotekideak maite dituzte. Albak bere bi seme-alaben aita eta Natashak hurrengo astean bere senarra bihurtuko den mutil-laguna. Baina ezin diote uko egin Erroman bizi duten pasio horri.

“Madre amadísima” da gaurko bigarren proposamena; frankismo garaiko homosexual baten bizipen latzak kontatzen dizkiguna.
Alfreditok 56 urte ditu eta homosexuala da. Andaluzia tradizionaleko herri txiki batean, Frankismo garaiko jazarpena eta gizartearen bazterketa pairatzen ditu isilpean.
Soilik bere amak ulertzen du desberdin sentitu eta sentiarazten duten semearen infernua. Hori, Pilar Távora zuzendariak aurkezten digun drama.

Estatu batuetatik datorkigun thriller bat ere bai: “Un ciudadano ejemplar“. Eta zein da eredu den hiritar hori? Bada, azkenaldian Jennifer Annistonen alboan ezaguna egin den Gerald Butler.
Familia-buru langile eta zintzoa , emaztea eta alabaren hilketaren lekukoa. Bere samina areagotu egingo da, hamar urte pasata, Jamier Fox Fiskalak errudunekin egindako tratuaren ondorioz, horiek aske geratzen direnean. Protagonistak hilketa-segida odoltsua hasten du mendeku egarriz.

Jennifer Lopezen azken komedia erromantikoa ere ostiral honetan iritsi da gure zinema-aretoetara: “El plan B“.
Zoe nekatuta dago printze urdinaren bila ibiltzeaz eta bere erritmo biologikoaren taupadak gero eta ozenago entzuten ditu.Ama izan nahi du kosta ala kosta, eta erabakia hartuta dauka jada: intseminazio artifizialaren bitartez.
Emaile anonimo baten haziarekin ernaltzea pentsatzen duen egun berean, baina, bere bizitzako gizona ezagutuko du eta bere asmo guztiak hankaz gora jarriko ditu.

“Date night” ere komedia bat da. Urte dezente ezkonduta daramaten senar-emazte batzuk hasierako pasioari eutsi nahi diote eta Foster senar-emazteek aspaldiko ohitura betetzen dute horretarako: astero-astero hutsik egin gabe,Tanecen tabernara joaten dira haurrak etxean utzita, ezkongabe zireneko garaiak bererskuratu nahian..baina emozio gutxi izaten dute, oro har.
Egun batean,ordea, senarrak emazteari ezustekoa ematen dio eta Manhattango goi-mailako jatetxe batera eramaten du.
Baina presarekin erreserba egitea ahaztu egin zaio Mister Fosterri eta gezurra esaten du beste bikote baten izen-abizenak emanda. Handik aurrera, nahi baino emozio gehiago izango du euren bizitzak, poliziak ondo ezagutzen duen lapur bikote baten nortasuna aukeratu baitute, nahi gabe.

Familia giroan ikustekoa da hurrengo proposamena. Haur literaturan klasiko bihurtu den Nikolas txikiren abenturak iritsi dira, izan ere, pantaila handira.
Nikolas txikia lasai eta pozik bizi da; laguntxo zoragarriak ditu jolasteko eta ikaragarri maite duten gurasoak etxean. Anai-arreba txiki bat izango duela jakiten duen egunean, ordea, seme-bakar kuttunaren bere erreinua arriskuan ikusita, gurasoen aurrean ezinbesteko nola bihurtu pentsatzen hasiko da.
Bereziki haurrei zuzendutako animaziozko bi pelikula ere baditugu gaurtik aurrera:
Hayao Miyazaki japoniarrak Nausica, the valy of the winds edo Hodeien bailara izenekoa aurkezten digu. Apokalipsi osteko mundu batean, arma nuklearretatik salbu geratu den erreinu bakarreko oinordekoa da Nausica printzesa ausarta, eta bere herrialdea inbasoreengandik babesteko abentura arriskutsuak bizi beharko ditu.

Afrikako irudi eta ikusgarriak ditugu, berriz, Magic journey to Afrika, Afrikarako bidaia magikoa filmean.
Hana 10 urteko neskato alai eta ausarta da. Laguntxo baten bila joateko, Afrikako lautada zeharkatuko du bere zaldi hegadunaren gainean.
Bidean, irudika daitezkeen fantasiazko izaki liluragarrienak ezagutuko ditu eta arrisku handietatik ihes egitea nola lortuko duen ikusiko dugu.
Hauexek beraz, aste honetako estreinaldiak! Film horiek zein zinematan eta zein ordutegitan emango dituzten ikusteko, kontsultatu eitb.com.
Emakume ederrak, asteko estreinaldietan nagusi http://bit.ly/9XZe5j
RT: @CarteleraEITB: Emakume ederrak, asteko estreinaldietan nagusi http://bit.ly/9XZe5j
Bida, ni deseatzen nau Medemen pelikula hoi ikusteko… kriston itxura dauke!!!! Espektatiba sortu due behintzet! Asteburu hontan fijo-fijo ikusikot eta emangoizuet ne iritzie!!!!