J.R.Tolkienek eta Harper Collins editorialak demanda bat aurkeztu zuten 2008ko otsailean New Line ekoiztetxearen aurka. Epaitegietara joatearen atzean arrazoi ekonomikoak zeuden. Izan ere, auzi-jartzaileen hitzetan, El señor de los Anillos filmak sorturiko irabazien zati bat zor zien ekoiztetxeak, orotara, 220 bat milioi dolar. 1969an sinaturiko kontratu bat aipatzen zuten arrazoi gisara. Eskatzaileek zioten Tolkienen eleberrietan oinarrituriko filmek sorturiko irabazi gordinaren %7,5a zegokiela.
Epaiketa urriaren 19rako aurreikusita zegoen. Hala ere, Variety aldizkari espezializatuak aurreratu duenez, estrajudizialki bi aldeak akordio batera heldu dira. Akordioaren terminoak ez dira azaleratu, baina. Akordio horrek “El hobbit”en bi film grabatzen hasteko bide ematen dio New Line ekoiztetxeari. Bien produkzioa 2010aren hasieran hasiko da Guillermo del Toro mexikarraren zuzendaritzapean.
Alde guztiak oso pozik agertu dira lorturiko akordioarekin. Bere baitan New Line hartzen duen Warner Broseko presidentea oso pozik agertu da auzia amaierara heldu delako. Horrez gain, etorkizunean harreman produktibo eta onuragarriak izatea espero du. Bonnie Eskenazi Tolkienen abokatuaren hitzetan, duela hilabete batzuk hasi ziren hizketan eta alde guztiak oso gustura daude ebazpenarekin.
Tolkien eta New Line akordio batera heldu dira ‘El señor de los anillos’ filmaren irabaziak banatzeko: http://tinyurl.com/mge856